2018-12-12 22:30

Sisteman atakak sortuz, lapurtu digutena eskuratzera goaz!

Gasteiz. Militarren, apaizen, eskumarik atzerakoienaren hiria. Hori da urteetan zehar entzun behar izan duguna, hori da batzuek oraindik ere sinestarazi nahi digutena.

Gutxi batzuen mesedetan eraikitako Gasteiz horrek erasotu eta zauritu egiten gaitu momentu oro, gure bizitzaren esparru guztietan. Bigarren, hirugarren, laugarren mailako herritar bihurtzen gaitu gizontxo aberats, burges, txuri, heterosexual, boteredun horien pean. Egungo sistemak (kapitalista, heteropatriarkala, koloniala, kapazitista…) objektu eta ez subjektu izatera kondenatzen gaitu emakumeok*; zapalduak eta esplotatuak gara, gure gorputzak besteen nahi eta desioen araberako praktiketara bideratzen ditu.


Baina guk, gure ingurura begiratzean, atakak ikusten ditugu sisteman, arnas egiteko eta bizitzeko aukera ematen diguten espazioak,han eta hemen. Urteak dira Gasteizko Herri Mugimendua, bere espresio eta esparru anitzetan, lanean ari dela. Urteak dira Gasteiz anitz eta goxoago bat eraikitzen gabiltzala.

Ataka berri baten, pitzadura berri baten, beharra sentitzen dugu gure gorputzetan Eskuratu dinamikaren baitan bildu garen emakumeok*. Gure beharrak erdigunean jarriko dituen proiektua; Emakumeontzat*, hausnartzeko, elkartzeko, sistemari aurre egiteko, estrategiak
garatzeko… finean, herritik eta herriarentzat egindako proiektu bat, erremintak emango dizkiguna. Gure nahiei erantzungo dien espazio bat geureganatzeko eta eraikitzeko prest gaude.


Gabonak gertu ditugun honetan, sistemak kontsumo basatira bideratu eta “zoriontasunaren” izenean aurpegia garbitzen duen honetan, guk,
testuinguru aproposa ikusi dugu feminismotik erantzun bat emateko.


Hori dela eta, etengabe erasotu eta zauritzen gaituen sistema honi aurre egingo diogu berriro ere. Apaizen, militarren, eskumaren Gasteiz hori behin betiko lurperatzen jarraitzeko gure aletxoa jarriko dugu.


Abenduaren 15ean 20.00etan Fariñasetik abiatu eta ataka berri bat sortzera goaz! Zenbat eta emakume* gehiago, orduan eta aletxo gehiago batuko ditugunez, bertan parte hartzera, zuen aletxoa gehitzera, animatzen zaituztegu. Sistemari planto egin eta berriro ere feminismoa
antikapitalista izango dela edo ez dela izango aldarrikatuko dugu!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.