2018-09-05 15:00

EZ ZARETE, INOIZ, BORROKA HONETAN BAKARRIK EGONGO

Euskal Herriko mugimendu feministaren oharra:

 

25 urte dira, Hondarribiko emakume batzuek, herriko festetan modu parekidean parte hartzeko eskaera egin zutela. Urteak igaro ahala, gatazkak bizirik dirau. Hondarribian kasu, Jaizkibel konpainia parekideak beste ordutegi batekin desfilatzen jarraitzen du eta oraindik ere, ez dira urriak haien kontrako irain eta mespretxuak. Egoera hau guztiz injustua dela deritzogu. Gatazka hau konpontze bidean, erakunde publikoek ez dituzte urte hauetan guztietan prozesu eraginkorrak martxan jarri eta hori dela eta, egun, alardea baztertzailea eta pribatua da.

Euskal Herriko borrokagune nagusienetako bat izan da eta gure babes osoa eskaini nahi diegu, bai Irunen, bai Hondarribian alarde parekidearen aldeko apustua egin duten guztiei. Argi dugu: ez dugu etsiko alarde bateratu bat, publikoa eta berdinzalea izan arte. Hondarribiagatik, Irunengatik eta parekidetasunean oinarritutako herrialde batengatik, mila esker zuei guztiei! Jaia guztiontzat gozagarri izan dadin, herritar guztiei dei egiten diegu alarde parekidera gerturatu daitezen. Zortzian ikusiko dugu elkar, 7.15etan Alamedan! Eta ez ahaztu, aurten, koloretako zapiak soinean hartuta hurbilduko gara.

Gora Jaizkibel eta Gora festa parekideak!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.