2017-10-16 11:30

HIRI ZAINTZAILE BATERANTZ  jardunaldietara gonbidatzen zaituztegu, Blanca Valdivia Gutierrez Colectiu Punt 6-ko kidearen gidaritzapean, urriak 27 eta 28an.

Jardunaldien baitan hitzaldia izango dugu 27an, ostiralean, Montehermoso Kulturunean arratsaldeko 7etan eta 8 orduko tailerra 28an, larunbatean, Aldabe Gizarte Etxean 10:00-14:00 eta 16:00-20:00.

Hitzaldian azalduko du gure hiriak eraiki  direla produktibitatearekin zerikusia duena lehenestuz,  bizitzaren erreprodukzioan pentsatu gabe. Hirigintza feministak, ekonomia feministan eta ekofeminismoan oinarrituz, eredu aldaketa proposatzen du, hiri zaintzailea, alegia. Bertan, lehentasunak bizitzaren sostengarritasuna du eta espazioak pertsonen eguneroko beharren euskarri fisikoak dira, kontuan izanik behar horiek anitzak direla, norberaren ezaugarrien eta bizitzaren zikloaren baitan.

Tailerrean, dinamiken bidez taldean pentsatuko dugu zein diren gure beharrak (zaintzeko beharrak, zainduak izatekoak, ingurunea zaintzekoak, geure burua zaintzekoak) eta denboran zehar nola aldatzen diren (zahartzaroan, gaixotzean, mendeko pertsonak zaintzean...) eta zein diren gure espazio beharrak (etxebizitzan, gune komunitarioetan, hirian, garraio publikoan).

Hitzaldia librea (irekia) da.  Haurtzaindegi zerbitzua behar izanez gero, aldez aurretik jakinarazi.

Tailerrean parte hartzeko, aldiz, eskatzen dizuegu urriaren 20a baino lehenago izena emateko mail-a bidaltzea (izena eta zein taldetako kide zaren adieraziz), tailer osora bertaratzea (goizez eta arratsaldez) eta hitzaldira joan izana, bertan oinarri teorikoak azalduko baitira.

Arabako Emakumeen Asanblada

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.