2017-04-15 11:30

Datorren maiatzaren 6an, Bilgune Feministaren 15. urteurrena ospatu eta aurrera begirako urratsak partekatzeko asmoz, INDAR BAT GARA GU lemapean. Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministak antolatu ditugu Berriozarren. Hori dela eta, egun bateko topaketa antolatu dugu, urte hauetako ibilbidea elkarrekin konpartitzeko, ospatzeko eta aurrera begira, Euskal Herriaren burujabetza feminista helburu hartuta, erronka berrietan sakontzeko.

Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministetan, bizi dugun aldaketa feminista izan dadin, Trantsizio Feministan berretsiz botere(tze)a dugu jomuga nagusi. Gure ustez, gaurko baldintza politikoak abiapuntu harturik, garrantzia handiko eztabaida delako.

Hamabost urte hauetan luzea izan da egin dugun ibilbidea. Askotariko eztabaidak eta lan ildoak antolatu ditugu, betiere, gure herria feminismotik eraikitzeko nahiarekin.

Azken urteetan, norabide honetan, Trantsizio Feministaren oinarriak sakontzen egin dugu lan, horrela ezaugarrituz: feminismotik abiatutako prozesu politikoa da; Euskal Herria oinarri hartzen duena; zapalkuntzen arteko elkarreragina eta hauen arteko harremanei heltzen diena; irekia, dinamikoa eta elkarlanean oinarritua; herritarren auto-eraketan zein erakunde publikoetan eta mugimendu sozialetan feminismotik eragin nahi duena.

Alabaina, prozesu honetan, baditugu arretaz zaindu beharreko eztabaidak. Nola egin ibilbide hau gure moldeak, gure prozedurak, gure indarrak baliatuz? Euskal Herrian burujabetza feministaren aldeko eztabaida soziala sustatu nahi badugu, feminismoaren intzidentzia politikoa lehen planora ekartzea eskatzen digu honek.

Horregatik, botere(tze) feministaren inguruko hausnarketa antolatu nahi dugu maiatzaren 6an: feminismoaren diagnostiko konpartitu bat egiteko eta botere(tze) honen ezaugarriak elkarren artean definitzeko. Horretarako, honako galderak erantzun nahi ditugu: nola ikusten dugu feminismoa Euskal Herrian? Nola aliantzak, militantzia, kolektibitatea, konpromisoa eta lidergo feministak? Nolakoa da feminismotik sortu nahi dugun boterea?

Jardueraz beteriko eguna osatu dugu. Goizean eztabaida zabala eta dinamikoa antolatuko dugu honako galdera hauei erantzuten saiatzeko. Arratsaldean berriz, botere(tze) prozedurak askotariko praktikei lotuta jorratuko ditugu horretarako antolatu ditugun tailerretan. Iluntzean, kalean zein dantzalekuan, ospakizunei bukaera emanen diegu.

Zure parte hartzea ezinbestekoa da guretzako, argi baitugu elkarrekin baino ezingo garela boteretu, eta aldaketa hauspotzeko gai bagara: INDAR BAT GARA GU! Horregatik, maiatzaren 6an Berriozarren ikusiko garelakoan,

INDAR BAT GARA GU!

FEMINISMOAK EGITEN GAITU HERRI!

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.