2024-05-02 11:53

HEMENDIK!

Bost urtez, Irisarrik aterpetu du festibala, laguntzaile berriak lotu dira eta publikoa ere hurbildu da. Orduan jendeak galdetzen zigun
"zergatik Irisarritik joanen zirezte? Bikaina da hemen!". Baina Irisarri agurtu ginuen hastapen baten zaporea zuen bukaera
batekin, beste "hemen" baten bila joaiteko.

EHZak lehen aldiz bere tresneria Amikuzen pausatuko du, Arberatze herrian!

Euskal kultura azpi-kultura dela kontsideratzen du hainbatek, ttipitua, guttitua eta folklorizatua. Hau da, euskal kultura hartu, eta
bere errautsak erakusten dituzte, beste kultura hegemoniko batzuen barne den iraganeko ondare soil bat bailitzan. Baina guk,
hemendik, ez ditugu errautsak iraunarazten, guk bizi den kultura baten suaren inguruan dantzatzen dugu!

Eta Euskal Herria bi kultura zapaltzaileen artean kokatzen den periferia bada, Euskal Herriak ere baditu bere ertzak eta sortzen ditu
nahitaez bere bazterrak. Aurten, EHZtik elgarrekin oihukatuko dugu: hemendik «mintza daitezela periferiak»!

Garai gatazkatsu hauen erdian, EHZk ikuspegi kritiko batetik begiratu nahi dio munduari ere, hemendik, beste herri eta pertsona
zapalduekiko elkartasuna erakutsiz.

Azkenik, kulturgintza merkatuaren gorabeheretan kalkulatzen den bitartean, hemendik kultura partekatu nahi dugu, denentzat
eskuragarri emanez eta beste harreman mota batzuk sustatuz.

Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek egin eta egiten dute EHZ, elkartrukaketa, auzolana eta
autogestioa oinarri. Hemendik eraikiko dugu Euskal Herria Zuzenean!

FORMULA BERA

Egon izan den leku guzietan, EHZ inguruko eragileekin elkarlanean aritu da eta aurten, lan ardatz horri segituz, Amikuzeko dinamika
kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan,
pretentsiorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun sekulan izan ez garen eskualde honetan. Amikuzeko
eragileekin elkarlanean hainbat proiektu eramanen ditugu.

Aurtengo edizioari dagokienez, Irisarriko formula bera mantenduko dugu.

Egunean zehar, Arberatzeko plaza URRIRIK izanen da eta bertan askotariko animazioak izanen dira (zirko, kontzertu, haurren
xokoa etab.). Azken urteetan bezala, mintzaldi, tailer eta mahain inguruak antolatuak izanen dira hainbat gaien inguruan.
Arratsean, bi eszenatan banatua izanen den pentzean segituko dute kontzertuek.

Azkenik, Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko ditugu. Xehetasun gehiago emanen
ditugu berantago.

PROGRAMAZIOA

Hiru egunez, elektro, rock, pop, death metal doinuek dantzaraziko dute Arberatze. Belako, Nakar, Benizze,
Lysistrata, Vincen Garcia, Eesah Yasuke taldeei Su Ta Gar, Süne, Auhen, Pelax, Old School Funky Family,
Rüdiger, Janus Lester eta Octopussy
taldeak gehituko zaizkie.

Urtero bezala, hainbat ikusgarriz gozatzen ahalko da Arberatzeko plazan, urririk, besteak beste : Euskabaret ;
Cie ZeC dantza taldearen Zenzero e Cannella ikusgarria.

Maiatzean kultura programazio osoa iragarriko dugu eta mintzaldi eta mahai-inguruen egitarauaren
berri emanen.

AURRESALMENTAK

3 eguneko bonoak 50 euroko prezio berezian salgai dira ehz.eus webgunean. Egunez eguneko sartzeak maiatzetik aitzina salgai izanen dira.

Izaera bikoitzeko egitura da EHZ. Batetik aktore da, egitura bezala bere ingurumenean kokatzen baita, norbanakoak eta kolektiboak batuz eta gogoeta propioak garatuz. Bestetik, era berean, Ipar Euskal Herriko herri eta gazte mugimenduaren tresna bezala ulertzen dugu. Elkartearen izaera hainbat kontzepturen bidez defini dezakegu: feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, sexu askatasuna, justizia soziala, internazionalismoa, aniztasun kulturala eta bazterkerien aurkakoa. Irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, aberaste perspektiba batean lan egiten duten enpresa pribatu eta hierarkizatuetatik desberdintzen da, eta era berean, erakunde publiko, pribatu, alderdi, sindikatu edo elkarte guziekiko independentea da. Horrenbestez, EHZren proiektua proiektu kolektiboa eta herrikoia da, herritik eta herriarentzat egina. Jendarte arautu eta kontrolatu honetan, bestelako harreman sozialak garatzeko eta indibidualismoari aurre egiteko balioko duen aisialdi esparru alternatiboa eraikitzea da asmoa. Betiere, Euskal Herri m