2020-09-10 13:19
  • Aurreko ikasturtean bezala, ikasleen iritzi, bizipen eta eskaerak batu ditugu ezegonkortasunaren harira

  • Ardura bereziz eta ezjakintasunez begiratzen diote etorkizun hurbilari. EGKtik egoera berri hau egokitu eta arautu dadin eskatzen dugu

Ikasturte amaieran Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) #IkaslePisuakZer kanpaina jarri genuen martxan. COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, konfinatuak izan ginen eta zenbait ikasleren egoera ere nabarmen okertu egin zen. Ikasle pisuak ordaintzen jarraitu behar izan zuten eta ohiko etxebizitzen alokairuak ordaintzeko administrazioak diru-laguntzak eskaini bazituen ere, ikasle pisuak laguntza hauetatik kanpo gelditu ziren. Honek, ondorio zuzenak izan zituen: ikasle pisuen kostuei aurre egiteko zailtasun handiagoak, ohiko etxebizitzetara bueltatu behar izatea eta ikasturterako  alokatuta zuten etxebizitzak hutsik gelditzea.

Horregatik, gazteek ikasle pisuekiko duten iritzi, bizipen eta kezkak  biltzeari ekin genion #IkaslePisuakZer kanpainaren bidez. Aldarri bat nabaria zen: ikasleen pisuei buruzko neurrien falta nabaria azpimarratzen zen.

Uda ondoren ikasturteari ekiteko garaia heldu da eta egoera ez da erreza ikasleentzat. Oraingoan ere, #IkaslePisuakZer kanpaina berriro ere martxan jarriz ikasleen bizipen eta kezkak jaso ditugu. Guzti hauek #IkaslePisuakZer dokumentuan aurki ditzakezu.

[PDF] #IkaslePisuakZer irakurketa

Eta zuk, ikasle bezala, zein neurri eskatzen dituzu? Zein da zure egoera? Zeintzuk dira ikasle pisuen harira arautu beharreko gaiak? Kontaiguzu #IkaslePisuakZer traolaren bitartez edo bidali iezaguzu zure bizipena hezkuntza@egk.eus helbidera edo 688737133 (Irati) zenbakian. Eta edozein zalantza edo kontuan izateko beste edozer okurritzen bazaizu, esaguzu ere! Denon artean lanean eginda ziur emaitza askoz hobea izango dela. Animatu!

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) gazteriarekin lotura duten gaiak lantzen dituzten 60 bat elkarteren topagunea da. Gure helburuak dira, besteak beste, gazteen eta gazte elkarteen parte-hartzea sustatzea, gazteria politiken garrantzia aldarrikatzea, erakundeek gure ikuspuntuak kontuan izatea eta administrazio hauen eta gazte elkarteen arteko zubi-lana egitea. Laburbilduz, gazteon eskubideak defendatzea eta gure ahotsa entzuna izatea bilatzen dugu!