ARGIA.eus

2019ko abenduaren 09a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.
2019-08-28 08:26

Etzi eta Pitz (XVII): Oihana Etxebarrieta.

Jaizkibel konpainiako kapitania da Oihana Etxebarrieta Legrand (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987). EH Bilduko legebiltzarkidea 2016. urtetik. Ekintzaile feminista. Kazetaria, ofizioz. Mugimendu feministetan lan asko egindakoa, batean eta bestean. 2016an, Borroka armatua eta kartzelak liburua idatzi zuen Zuriñe Rodriguezekin batera. Ez du bere burua luzaroan ikusten politika instituzionalean: ?Iraungitze data du horrek?.

Jaizkibel konpainiako kapitain batek nola bizi ditu Alardearen aurreko egunak? Nola bizi dituzu zuk?

Intentsitate handiarekin, Jaizkibel ez baita edozein konpainia. Alde batetik esango nuke Hondarribiko talde handienetakoa dela, handiena ez bada. Musika eta gainontzeko kontuak ondo joan behar dira. Baina, bestetik, ez gaude egoera normalizatu batean. Horrek bestelako lanak ekartzen ditu. Bilera etengabeak eta halakoak. Iazko irailaren 8tik hona Jaizkibelgo batzordean parte hartzen dugunok ez dugu denborarik izan festaz eta aldarrikapenaz deskonektatzeko. Egun hauek zoramena dira.

Egunotako berria da: Hondarribiko Udalak ordutegi aldaketa proposatu du, bi alardeek bat egin ez dezaten, ustez tentsio uneak saihesteko. Zer iruditzen zaizu udalaren jokabidea?

Guk komunikabideen bidez izan dugu horren berri. Alkatea ez da gurekin harremanetan jarri. Ustez elkarrizketa batzuk abian jartzen saiatzen ari garen une hauetan, eta udala bera izan da bitartekari bat kontratatu duen erakundea, esan dezakegu metodologian ez duela asmatzen. Oraingoan egin duena konfiantzatik kanpo kokatzen dugu, eta negoziazio eztabaida prozesu batek eskatuko lukeen lasaitasunetik kanpo. Inor ez da gurekin harremanetan jarri udalaren aldetik, eta harrituta gaude egin dutenarekin. Gainera, kontuan izan behar da bi alardeek ez dugula bat egiten inoiz. Guk festa denok batera ospatzea nahi dugu, eta kontua da Alarde fundazioak eta guk ez dugula bat egin orduetan. Guk ateratzeko ordutegia aurreratua izan dugu, konpainia gero eta handiagoa delako, eta Kale Nagusitik pasatzeko, haiek 08:55ean desfilea has dezaten. Arrazoi hori erabiltzea aitzakia merke bat da edo errealitatetik kanpo dagoen zerbait.

Zer komentario daude Jaizkibelgo konpainiako lagunen artean?

Urduritasuna dago. Fokua guregan jartzen delako. Harridura dago. Gu prest egon gara une oro elkarrizketetarako. Eta etengabe sentsazioa dugu gure borondate horren aurka doazela proposamenak. Honek zer sortuko du herrian Irailaren 8a baino hamar egun lehenago? Lekuz kanpo dago alkatearen proposamena, eta tentsioa areagotu egiten du. Horrelako proposamenak beste espazio batean egin behar dira, eta ez justu alardearen aurretik.

Alarde matxistaren aldetik entzun izan den iruzkin bat honakoa da: ?Hondarribikoa izan gabe, ezin duzue ulertu gertatzen dena?. Zer zuritzeko da esaldi hori?

Zuritzea baino da ikusi dutela Hondarribiko kanpoko inork ez duela ulertzen hemen gertatzen dena. Hondarribiko kanpoko jendeak ez du ulertzen XXI. mendean horrelako zerbait gertatzea. Inork ez ditu babesten, eta horrelako aitzakiak bilatu behar dituzte. Aldiz, denok ulertzen dugu jaietan bizilagunekin elkarrekin ondo pasatzea. Euskal Herriko askotariko festa irekiak ditugu gustukoak. Asko disfrutatzen da jendea ondo pasatzen ikusten, eta Euskal Herrian zerbaitetan onak bagara herrietako jai parte hartzaileak eta koloretsuak antolatzen. Zergatik ezin dugu halakorik egin Hondarribian?

Arnaldo Otegik esan du egunotan EAJk Martxoaren 8arekin bat egiten duela eta irailaren 8an plastiko beltzak jartzen dituela. Nola azaldu daiteke hori?

Hondarribian EAJren gehiengoak ezer mugitu gabe jarraitzen duelako. Ezinbestekoa da une honetan instituzioen parte hartzea. 26 urte dira lehen eskaera egin zenetik. 26 urteren ostean, auzia berehala ez da konponduko, bitartekaritzarik gabe. Instituzioek ekarpenak egin beharko lituzkete. Guk jarraituko dugu temati esaten beharrezkoa dela erakundeen parte hartzea.

Udal hauteskundeetako maiatzeko datuak hor daude: EAJk botoen %45 baino gehiago bereganatu zituen. Eta Abotsanitz taldeak EH Bildu bikoiztu zuen zinegozitan. Zer irakurketa egiten duzu emaitza horietaz? Zein da Abotsanitz taldekoen proposamena?

Abotsanitz taldekoak beren burua bi parteak entzuten saiatu dira, eta erdian kokatu dira. Alarde parekidea ikustera etortzen dira, eta alarde baztertzailea ere bai. Talde berria da, eta pixkanaka kokatzen ari dira haien jokabidea. Baina elkartu izan gara haiekin arazorik gabe. Bestelako estrategia bat bilatzen ari direla esango nuke. Ikusiko da etekinik ateratzen den hortik.

Konponbidea urrun ikusten duzu oraindik?

Ez, gero eta gertuago ikusten dut. Duela hiru urte ez genuen irudikatuko EAJren udal batek Bilduk foru aldundian kontratatu zuen bitartekari bat ekarriko zuenik. Alde horretatik, elkarrizketan bitartekaria jartzen saiatzea aurrerapausoa da. Ez da ezertan egikaritu saiakera. Baina mahai gainean jarri behar dugu hori. Itxaropentsu nago, bestela ez du merezi borroka honetan jarraitzeak. Denborak erakutsi die Hondarribiko jende askori Jaizkibelek nola egiten duen festa. Alarde baztertzailean parte hartu izan duten batzuek Jaizkibelera etorri dira. Jende askori entzuten zaio nekatuta dagoela eta konponbidearen aldekoa dela. Hondarribian, herriko tenorea konponbidearen aldekoa da, nahiz eta kasu askotan Jaizkibelekin bat ez egin. Elkarrizketa, elkarrizketa eta elkarrizketa behar dugu. Elkarrizketarako espazio lasaiak behar ditugu, eta ez tentsioa igotzen duten azken uneko proposamenak.

Hondarribitik beste toki batzuetara pasatu gaitezen. Kolonbian izan zara uda honetan bidaia berezi batean. Nolako bidaia izan da?

Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen defendatzaileak artatzeko daukan programaren barne antolatzen da bidaia. Hiru defendatzaile etortzen dira urtero, sei hilabeterako. Aurtengo hirurak Kolonbiakoak izan dira. Egoera oso gogorra pairatzen ari dira Kolonbian, eta han giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeria asko areagotu da azkeneko urtean. Egoera oso gogorra bizi dute. Duela urtebete han izan nintzen, hauteskunde garaian, eta egoerak okerrera egin du. Kezkatuta eta penarekin itzuli naiz Kolonbiatik.

Eusko Legebiltzarreko talde guztietako ordezkariak joan zarete Kolonbiara?

PSE-EEekoak ezin izan du kontu pertsonal bategatik, baina gainontzekoak bai.

Zer giro zuen artean?

Giro ona. Eta horrelako bidaiek balio dute bestelako harreman bat sortzeko, legebiltzarrean Kolonbiarekiko egin dezakegun lanketan.

Kolonbiako gaiaz gain, feminismoaren alorrean ba al daude adostasunak legebiltzarreko taldeen artean?

Bai, baina kontu desberdina da hori. Zenbaiti ez zaizkie egoera konparagarriak iruditzen. Azaleko irakurketa batean ados gaude talde guztiak, baina hori mugimendu feministaren garaipena da. Adostasun batzuk badaude, zalantzarik gabe. Baina erroetara jotzen duzunean, desberdintasunak nabarmenak dira. Kapitalismoak emakumeon bizitzetan daukan eragina eta indarkeria modu bat dela aipatzen denean, hor ez gaude ados. Talde batzuek politika neoliberalak defendatzen dituztelako, eta beste batzuek, ez.

Aurrekontuetan ez da adostasunik egon EAJren eta EH Bilduren artean. Gauzak aldatzeko modurik egon daiteke alor horretan?

Borondatearen araberakoa izango da hori. Komunak izan daitezkeen erabakiak egon daitezke. Ikusi behar dugu komuneko espazioa nahikoa zaion alde bati ala besteari. Iaz, arrakala handiegia zegoen proposatzen genuenaren eta haiek mahai gainean jartzen zuenaren artean.

Gorantz egiteko moduan ikusten al duzu EH Bildu, instituzioetan eta gizartean?

Bai, goranzko bidea dago. Autokritika egin izan dugu, deskonexio bat egon daitekeelako proiektu politikoan eta jendartearen artean. Sumatzen den hori aldatu nahi dugu. Joko instituzionalean zailtasunak egon daitezke asmatzeko dagoen lanaren eta egin nahiko genuenaren artean. Sendotze bidean, ikasten, desikasten, eta hor egon beharko dugu etengabe.

Duela urte batzuk ikusten al zenuen zure burua politika instituzionalean?

Ez, inolaz ere. Ez nator hortik. Militante politikoa izan naiz beti, baina ez nuen hor ikusten neure burua. Mugimendu feministatik nator, eta uste dut edozein tokitan egon behar duela gure diskurtsoak eta kritika egiteko moduak. Horregatik esan nuen baietz. Nire helburua ez da karrera politiko instituzionala egitea.

Espainiako Kongresuan PSOE babesteko prest azaldu da EH Bildu, ultra eskuina gerarazteko. Pedro Sanchezek ez du zuekin hitz egin nahi, ordea. Askorentzat, agian, ez da oso ulergarria, ezta?

Ultra eskuinaren gorakada dago Europan. Ultra eskuinak duen lorpenik handiena da eskuina eramaten duela bere diskurtsora eta politika egiteko modura. Egoera kritikoa da Europa osoan. Analisiak hortik egitea ezinbestekoa da. Egia da erabaki batzuk ulergarriagoak izan daitezkeela, eta beste batzuk, gutxiago. Ikuspuntu internazionalista batetik begiratu behar dugu, baita Euskal Herrira begira ere bai. Nafarroan gertatu dena ere alderatu daiteke. Faktore asko begiratu behar dira erabakiak hartzerako orduan.

Madrilen inpasse egoerak direla edo ez direla, euskal presoen egoerak bere horretan jarraitzen du. Zer duzu esateko?

Esku artean daukagun gatazka garrantzitsuenetakoa da. Bere horretan jarraitzen du. Urrats oso-oso txikiak ematen ari dira. Altsasuko presoak ere hor daude. Ezinbestekoa da elkarrekin joatea politika instituzionala eta kaleko mobilizazio oro. Sarek jakinarazi du herri askotan euskal presoen hurbilketaren aldeko mozioak eztabaidatu eta onartu direla, babes handiarekin. Preso duen senide bati, agian, hutsaren hurrengoa irudituko zaio hori, egunero sufritzen duelako dispertsioaren ondorioak. Baina lanean ari direnak babestea ezinbestekoa da.

Erlazio afektibo sexualak espetxe garaian askatasun (g)une? Hainbat euskal emakumeren esperientziak tesina idatzi zenuen. Zein ondorio nagusi atera zenituen?

Zaila da hitz gutxitan laburtzea. Ideietako bat izan zen zaintzak duen garrantzia. Preso politikoen bizitza garatu ahal izateko, edozein pertsonak bezala, oinarrizko baldintza batzuk betetzea behar dute. Zaintzaren kontzeptu zabala dago hor, maitasunetik abiatuta. Tesinaren ondorioetako bat izan zen zaintzaz arduratu den gehiengoa emakumezkoak direla, eta hori ez da aitortzen, ez da ikustarazten. Modu politiko batean aitortu beharko genuke hori. Behar ekonomikoez hitz egin izan da. Baina behar emozionalak oso garrantzitsuak dira.

Kazetaria ere bazara. Ez dakit oroitzen duzun Samara Veltek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarentzat egin zuen ikerketa bat. Ondorioztatu zuenez, El Mundo eta El País egunkariek 2011tik 2016ra gerra kazetaritza edo ikuspegi polarizatzailea erabili zuten euskal presoez aritzerakoan. Zer eragin du horrek Espainiako iritzi publikoan?

Ikaragarria. Gaur egun gatazka politiko armatua ulertzeko dauzkagun betaurreko bakarrak, batez ere Espainian, hedabide espainiarrek emandakoak izan dira. Horrek dakarren guztiarekin. Ñabardurarik gabe eta absolutismo osoz begiratu dute euskal gatazka. Gerora, edozein saiakera egin denean ñabardurak egiteko ikusi dugu zer gertatu den. Esaterako, sare sozialetan. Maria Jauregi ETAren biktima bat da; beste egoera batzuk azaleratzen saiatu da eta Errenteriako (Gipuzkoa) ekitaldi batzuk aipatu ditu, eta irain ugari jaso ditu sare sozialetan. Zuriñe Rodriguezek bere garaian aztertu zuen hedabideek ETAko emakume kideen figura. Hor sexualitatearekin jokatzen zuten Espainiako hedabideek. Adibidez, La Tigresa hedabideek ezarritako ezizen bat izan zen. Garrantzitsua da eragin horiek aztertzea.

Gasteizen eta Madrilen topatu dituzu Espainiako hedabideetako kazetari aurrerakoiak eta ezkertiarrak?

Bai. Gai batzuetan ikuspuntu kritikoak dituzten askok oso gordinki jan dituzte zabaldu duten diskurtsoa, ordea. Gaiaz galdetzeko gertu dagoenean, ikuspuntua aldatzen da. Espainiako toki askotan tesina aurkeztu nuen, eta jende askorengandik ikasi nituen gauza asko. Lasaitasun giro batean, beste diskurtso batzuk entzuteko prestuago egoten da jendea.

Kazetaritzara itzuliko bazina, zer gustatuko litzaizuke egitea etorkizunean?

Itzultzearekin zoriontsua izango nintzateke. Bilgune Feministako komunikazioan ari nintzenean, pozik nenbilen kazetaritzak eta feminismoak bat egiten zuelako. Irratigintzan emakume etorkinen ahalduntzean aritu nintzen. Horrelako proiektuetara itzultzeko aukera izango banu, ni pozik. Zoriontsua naiz ekarpena egin dezaketen proiektuekin parte hartuz.

Hamar urte barru, non irudikatzen duzu zure burua? Eta nola irudikatzen duzu egongo dela Euskal Herria?

Nire burua ez dut ikusten politika instituzionalean. Argi dut legebiltzarrekoak iraungitze data izango duela. Neure burua irudikatzen dut orain arte bezala bizitza topatzen saiatzen, feminismotik. Eragiletza sozial eta politikoan jarraituko dut.

Euskal Herriari dagokionez, mugimendu feminista arlo ideologikoan lorpen handiak ari da lortzen. Eta espero dut hamar urte barru praktikan jarriak egongo direla proposamen politiko feminista asko.

Hamar urte barru elkarrizketa hau zein toki fisikotan gustatu litzaizuke egitea?

Hondarribian, Irailaren 8an, zu eta biok alarde parekidea ikusten ari garen bitartean, garagardo batekin. Beste aldean txaloka egongo naiz ordurako.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.