2025-07-06 11:08

2020ko urriaren 15ean Argia aldizkarian argitaratua

Jendartean beharrak handitu diren garaietan garatu da gehien kooperatibismoa. Proiektu sozioekonomikoak autoeraketaren bidez lantzeko momentu zailenak izanik ere, beharrek zentzuz betetzen dutelako ekimen kolektiboa. Mundu mailan askotan gertatu da: toki eta garai ezberdinetan, industrializazio kapitalista gertatu den momentuetan, jendarte kontsumistak kultura eta hizkuntzak suntsitu dituenean, edo neoliberalismoak indibidualizazio eta pribatizazio prozesuak hegemoniko bihurtu dituenean. Kasu guztietan harreman komunitarioen etena gertatu da, eta kooperatibismoa horri erantzuteko modu bat da.

“Garai bateko kooperatiba handien ordez, kooperatiba txikien erlauntza anitz eta zabal bat, bizitza bizigarriak eraikitzeko”

Euskal Herrian kooperatibak sortu izan ditugu industrializazio garaian, gerra osteko krisian, 70eko hamarkadako astinaldi kulturalean edo Frantziako Estatuaren garapen estrategia zentralistak sortutako beharrei erantzutean. 2009an hasi zen krisi kapitalista konplexu eta luzean murgilduta gaudenez –ekonomian, ingurugiroan, zaintza ereduan, gure bizitzetan eragin handia duena, eta komunitate harremanak ahultzen dituen prozesu indibidualizatzaileak jasaten ditugun bitartean– kooperatibak sortzen ari gara erritmo bizian. Bosgarren olatu kooperatiboa da.

Olatu kooperatibo berri hau gaur egungo ekonomiaren eta jendartearen krisiak eragindako behar material eta identitarioetatik abiatzen da, bi ildo nagusirekin. Batetik, eguneroko bizitza, kontsumoa eta ohiturak modu kontzientean antolatzearen beharra, elikaduran, energiaren erabileran, etxebizitzan, aisialdian, finantzetan, eta abar. Horri erantzunez sortu dira kontsumo kooperatibak eta bestelako tresna kolektiboak. Bestetik, krisiak sortu duen lanaren prekarizazio estrukturala dago, bizitza proiektu duinak sortzearen eta etengabeko aurrerabide sozialaren ideiak eten dituena. Soldatapeko lanaren eta prekarizazioaren morrontzatik ateratzeko sortzen ari gara lan elkartuko kooperatibak, garai bateko kooperatiba handien ordez, kooperatiba txikien erlauntza anitz eta zabal bat, bizitza bizigarriak eraikitzeko.

Jendarte neoliberalak zaila egiten du bidea, indibidualizazioa komunitatearen etsai nagusia delako, baina agian horregatik sentitzen dugu autoeraketa komunitarioaren urgentzia gure gorputzetan. Egitea tokatzen zaigu denoi, dauden proiektuak bultzatu eta hutsuneei proiektu berriekin erantzutea. Baina etorkizun bizigarri eta emantzipatzaileak sortzeko, bosgarren olatu kooperatiboa denontzat izatea izango da erronka handiena, prekarizatuenak diren kolektibo eta lurraldeak barne.

Bosgarren olatu kooperatiboaz - etzi.pm.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Etzi izan nahi duguna gaur eztabaidatzeko tresna Itsas nabigazioaren oinarrietako bat beti izan da aurreikuspenak egin eta ezezagunak diren itsas bideetan barrena nabigatzea, batzuetan aberastasunak, lurralde edo bide berriak aurkitu asmoz eta beste askotan ezezaguna zaigun horretan etorkizun hobeak bilatu eta eraikitzeko. Gaur egun ordea, dena ezaguna dela iruditzen zaigun garai hauetan, zeinetan batzuk ia historiaren amaiera aldarrikatu duten, etorkizun hobe edo ezberdinen bila ekiteko grina lausotu zaigu, eta horrekin batera etorkizuna helburu, aurreikuspenak egiteko gaitasuna. etzi.pm etorkizunak eraikitzeko bidean nabigatzeko tresna izateko asmoarekin jaio zen. etzi.pm Talaios kooperatibaren proiektu bat da.