2017-10-11 11:13
Zubigintza amildegiak gurutzatzeko artea da. Bizkarrez dauden munduak elkarri begira jartzekoa. Ertza abiapuntu bihurtzekoa. Alegia egia egitekoa. Horixe da, hain zuzen, Errigoraren langintza: zubiak eraikitzea. Zubiek amildegian bidea egiten dute. Aparteko munduak lotzen dituzte. Bazterrak erdigune bihurtu. Ametsak errealitate. Zubigintza amildegiak gurutzatzeko artea da. Bizkarrez dauden munduak elkarri begira jartzekoa. Ertza abiapuntu bihurtzekoa. Alegia egia egitekoa. Horixe da, hain zuzen, Errigoraren langintza: zubiak eraikitzea. Zubiak eraiki ditugu Euskal herrien artean. Ablitas eta Arrasate lotu ditugu, edo Ainhize eta Tutera. Baita Ea eta Gasteiz edo Oiartzun eta Bilbo ere. Euskal herritarren arteko zubiak eraiki ditugu, auzolanean eta bizipozez. Zubiak eraiki ditugu kontzeptu ustez apartekoen eta berizitako eremuetako ekintzaileen artean. Lurra eta euskara lotu ditugu. Auzolana eta elikadura-burujabetza. Nekazariak eta euskaltzaleak. Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuak. Zubiak eraiki ditugu ekintza isolatuen artean. Uzta biltzea, orburuak erostea, zerrenda bat osatzea, txio bat partekatzea, Vianako ikastolari diru-ekarpena egitea… Ekintza txiki bakoitza osotasunaren parte ezinbesteko bihurtu dugu. Keinu bakoitzari balio eraldatzailea erantsi diogu. Grinen arteko zubiak eraiki ditugu: norbera bere kezka, ardura edo irrikatik helduta, denon artean indar biderkatzaile izugarri bati eman diogu aterabidea, zubiz zubi. Finean, ametsetatik errealitatera igarotzeko zubiak eraiki eta gurutzatu ditugu. Eta amesteari uzten ez diogun artean, zubigintzan segiko dugu. Zubigintzan segi nahi dugu. Balizkoa baliozko egiten jarraitu nahi dugu. Berandu baino lehen Errigoraren amets berrietatik errealitate berrietara eramango gaituzten zubiak gurutzatu nahi ditugu; etorkizunera iragan. Errigora berri batera eramango gaituzten zubiak eraiki nahi ditugu. Amets berriek zubi berriak behar baitituzte. Berriak eta sendoak. Zabalagoak. Amildegian ez erortzeko. Zubi berriak eraiki nahi ditugu Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleen artean, egunen batean euskaraz bizitzeko egitasmo berriak martxan jartzeko ametsa egia bihur dadin. Zubi berriak eraiki nahi ditugu ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantoki eta abarren artean, egunen batean kanpainetatik harago merkaturatze bide berriak zabaltzeko ametsa egia bihur dadin. Zubi berriak eraiki nahi ditugu nekazari eta elaboratzaileen artean, egunen batean ekoizpen-eremu eta ekoizpen-eredu berriak sustatzeko ametsa egia bihur dadin. Zubi berriak eraiki nahi ditugu herria egin eta eraldatzen ari garen eragileen artean, egunen batean auzolan berriei bide egiteko ametsa egia bihur dadin. Zubi berriak eraiki nahi ditugu zu bi izan zaitezen. Gu hamaika izan gaitezen. Errigorago gaitezen. Segi dezagun zubigintzan. Eraikitako zubiak zeharkatzen segi dezagun. Bai. Baina has gaitezen amets berrien neurriko zubi berriak marrazten. Gero eraikitzeko. Ondoren gurutzatzeko. Errealitate berriak ditugu zain beste aldean.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena. Auzolana, euskara, kontsumo arduratsua, herrigintza... Erribera, Errigora, Herrigara.