2017-03-21 11:10
Errigora osatzen duten ekoizle, sarekide eta kontsumitzaileei esker, Nafarroa hegoaldeko uzta 6.000 etxetara helduko da. Ondorengo hilabeteotan 86.500 litro olio eta 208.000 ontzi kontserba banatuko dira Euskal Herriaren luze-zabalean. Martxoaren 21a dugu gaur, udaberriko lehen eguna eta jada eskura ditugu Errigoraren UZTABERRIA kanpainak utzitako emaitzak. Izan ere, gurean UZTABERRIA kanpaina dela eta, udaberria apur bat aurreratu zaigu. Inoizko eskaintzarik zabalena egin dugu (produktu guztiak konbentzionalean zein ekologikoan eskainiz), eskaintza hori egin ahal izateko ekoizle gehiagorekin lan egin dugu eta urtetik urtera handituz doan eskariari behar bezala erantzuteko batera egin ditugu olioaren eta kontserben kanpainak. Berrikuntza asko eta askotarikoak UZTABERRIA kanpaina honek ekarri dituenak. Bada, emaitzak ere aipagarriak izan dira: Euskal Herriko 6.000 etxetan (iaz baino %20 gehiago) guztira 86.500 litro olio (%15 gehiago) eta 208.000 ontzi kontserba (%30 gehiago) banatuko ditugu ondorengo hilabeteotan. Olio-bidoien banaketaren antolaketa abian da jada eta apirilaren hasieran egingo da banaketa Euskal Herriko 60 bat herritan. Kontserba-loteen banaketa aldiz ekaina hasieran izanen da eta horrekin emango diogu amaiera aurtengo UZTABERRIA kanpainari. Kanpaina bizia, koloretsua eta emankorra suertatu da. Oso emankorra: Alde batetik, zubi lanak egin ditugu nekazari eta elaboratzaileen artean, eta ekoizle berriak batu zaizkigu inoiz baino eskaintza zabalagoa osatzeko: Nafarroa hegoaldeko oliba-olioa eta zazpi kontserba-lote, denak konbentzional naiz ekologikoan. Errigoraren boluntario sareak ere, gero eta adabegi gehiago du. Gero eta gehiago gara auzolan ariketa honetan geure alea jarri nahi dugunak. Gero eta esku gehiago gure lur eder hau ureztatzeko prest, urtero-urtero uztaberri oparoak erne daitezen. Eta kontsumitzaileen ikuspegitik ere, lehengoak eta gehiago gara bertoko produktuen alde egiten dugun kontsumitzaile arduratsuak. Bestelako ekoizpen eta merkaturatze eredu baten alde egiten dugunak. Lehengoak eta gehiago gara urtero despentsan Uztaberriarientzako tokia gordetzen dugunak. ERRIGORAgo izateko, ERRIGORAgo joateko erronka jarri genion geure buruari eta polikipoliki, pausoz pauso, milaka lagunen auzolanaz, erronkak gaindituz goaz, ametsak egia bihurtzen. Mila esker nekazariei, uztaberria erein, zaindu eta jasotzeagatik. Mila esker elaboratzaileei, uztaberria eraldatu eta ontziratzeagatik. Mila esker Errigoraren sarekide, lagun eta aliatuei, uztaberriari zubiak eraikitzeagatik. Eta, nola ez, mila esker kontsumitzaileei, uztaberriaz gozatzeko egin duten hautuagatik. Mila esker eta uztaberri on!
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena. Auzolana, euskara, kontsumo arduratsua, herrigintza... Erribera, Errigora, Herrigara.