2023-12-06 09:35

Gaurko egunez duela berrogeita bost urte, Espainiar konstituzioa Madrilgo gorteetan onartua izan zen. Euskal Herriak gaur ez du ezer ospatzeko, duela berrogeita bost urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugu Espainiar konstituzioa onartzen. Guretzat gaurkoa borroka eta intsumisio eguna da.

Duela lau hamarkada burututako erreferendumean, Euskal Herrian konstituzioa ezeztatu zen. Herri honek konstituzioak suposatzen zuen iruzurra ulertu zuen eta gai izan zen diktadura faxistaren zuritze operazioa antzemateko eta horri planto egiteko.

“Atado y bien atado” dio diktadorearen esaldia famatuak, konstituzioaren sintesi ezin hobea, alegia. Diktadurak Euskal Herrian errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen. Hori ez zen kasualitatez gertatu, frankismoak ondo baitzekien, kultura, hizkuntza eta borondate politiko propioa duen nazio bat existitzen dela. Eta bere esku izan zituen tresna guztiak erabili zituen horiek ezabatzeko.

Egun hiruregita hamazortziko erregimenaren katebegirik ahulena nazio auzia izaten jarraitzen du. Hori azkenengo hilabeteetan argi ikusi dugu. Indar subiranistak erabakigarriak bilakatzen direnean, espainiar estatua mugiarazteko gaitasuna eta indar korrelazioa alde dutenean, estatu sakonak horrekin bukatzeko bere esku dituen elementu guztiak baliatzen ditu.

Izan ere, konstituzioa eta egungo espainiar estatuaren hezurdura osoa premisa antidemokratiko baten egituratua izan da. Horregatik, espainiar estatuaren oinarriak kolokan jartzen dituzten aldaketa demokratizatzaileak mahai gainean jartzerakoan, horren aurka altxatzen den erreakzioa izugarrizkoa da. Hain zuzen ere, horri erantzuten diote azkenengo hilabeteetako mobilizazioek. Espainar estatua demokratizaezina da eta estaturik gabeko nazioentzat eskaintza bakarra du; sumisioa edo zapalkuntza.

Horren aurrean Euskal Herriak ez du atzerapausorik eman. Alta, oldarraldi erreakzionarioaren aurrean ofentsiban kokatu gara. Espainiar faxismo zentralizatzaileari Bilboko kaleetan nazio bat garela oihukatu diogu. Epaile euskarafoboei kaleak gure hizkuntzaren alde hartuz erantzun diegu. Eta feminismoaren aurkako erreakzio globalari zein balore matxisten hedapenari, historiako lehen Greba Feminista Orokorra antolatuz aurre egin diogu.

Euskal Herria kontzientzia politiko eta sozial propioa duen herria da. Herri honetako mugimendu sozialek hamarkadetan zehar zimendatutako baldintzei esker eraldaketarako espazioa da Euskal Herria. Alegia, mundua topatzen den bidegurutze historiko honetan eraldaketa sozialaren alde bultza egiten duen herri bat.

Horretarako, erabaki propioak hartzeko gaitasuna eskuratzea ezinbestekoa dugu. Hori espazio guztietan arakatzea dagokigu, hau da, burujabetza kuotak eremu guztietan irabazi behar ditugu. Are gehiago, ezinbestean, burujabetza formalaren gauzapenerako baldintzak sortzetik pasa behar da. Inongo zapalkuntzarik gabeko herria lortzera bidean independentzia ezinbesteko faktorea da.

Horregatik azkenengo hilabeteetan egin bezala, nazio auzia erdigunean kokatu eta nazio gatazka ikustaraztea dagokigu. Izan ere, nazio gatazka 78ko erregimena eta haren elite ekonomiko eta politikoen ezartzen duten antolaketa sozial eta ekonomikoa inpugnatzeko gaitasun handiena duen ardatza baita. Nazio gatazka ikustarazteaz ari garenean, gatazka herri honen eremu guztietan kokatzeaz ari gara. Nazio gatazka kaleetara atera eta hori erdigunean izango duen borroka zikloa abiarazteko unea da, alegia herri aktibazio independentista artikulatzekoa.

Abagune historikoa baliatu eta geroz eta gehiago izan behar gara independentziaren alde bultza egiten dugun gazteok. Une honetan Euskal Herriko gazteok bi aukera besterik ez baitigu: Independentziaren alde lerratu eta gazteon bizitza duinak bermatuko dituen estatua eraikitzea, edo, kontrara, espainiar elite ekonomiko eta politikoen interesen alde lerratu eta bizi dugun krisi egoera betikotu.

Beraz, baliatu dezakegun unea eta ekin diezaiogun gazteon bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herria askea eraikitzeari!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gazteok independentzia!

The post Ezer ez ospatzeko! appeared first on Ernai.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailea da, eta Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna du helburu.