2023-04-16 21:27

 

 

Gaur apirilaren 17 preso politikoen nazioarteko eguna da. Munduan zehar milaka dira mundu hobe baten alde borrokatzeagatik espetxeratutako militante politikoak. Sistema neoliberalak disidentzia politikoaren aurka darabilen estrategia errepresibo sistematikoaren adibiderik gordinena da hori. Horregatik, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu militante politiko guzti horiei eta haien askatasuna aldarrikatu nahiko genuke gaur.

Euskal Herriak aski ezaguna du errepresioa eta honen forma guztiak. Bereziki, gure kontzientzia kolektiboan leku berezi bezain iluna duten espetxeak. Hamarkada desberdinetan zehar milaka izan dira Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialaren alde lan egiteagatik espetxeratutako euskal militante politikoak.  Euskal Herriaren eta Frantziar zein Espainar estatuen arteko gatazka politikoan agente aktibo izatearen ondorioz atxilotu eta espetxeratutako militanteak dira. 

Izan ere, herri honek bizi duen gatazka politikoak soilik azaldu dezake Euskal Preso Politikoen existentzia. Horregatik, auziaren konponbiderako bidean, gatazkaren muinetara begiratu eta hauei aterabide bat eskaintzea eskatzen digu. Eta horretarako galdera desberdinak egitea beharrezkoa egiten zaigu; Zerk bultzatu ditu hamarkadetan zehar milaka euskal herritar Euskal Herriaren askapen nazional zein soizalaren alde konpromezu politiko kolektibo bat hartzera? Zerk bultzatu ditu Espainar eta Frantziar estatuak gizarte oso baten aurkako estrategia errepresibo bat garatzera? Finean, zer dela eta ukatzen zaio Euskal Herriari bere autodeteminazio eskubidea eta horren gauzapenerako prozesua kriminalizatua eta jazartua da?

Alegia, gatazkaren ondorioen konponbideaz mintzo garenean bi planotako prozesu batetaz ari gara. Alde batetik, gatazka politikoan agente aktiboa izatearen ondorioz espetxeratutako militanteen kaleratzeaz eta iheslari zein deportatuen Euskal Herriratzeaz ari gara. Hau da, bakea eta elkarbizitzarako bermeak ezartzeaz, non mendekuan oianrritutako espetxe politikarekin bukatu eta alde guztien sufrimenduaren arintze baterako baldintzak ezartzen diren. Bestetik, gatazkaren muinetara begiratu eta hauen konponbiderako urratsak ematea, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzea eta hau gauzatzeko bidea abiarazteaz. 

Jakina, estatuen gatazkaren konponbiderako borondate ezak, Euskal Preso Politikoen etxeratzearako bide desberdinak arakatzea eskatzen digu. Azken urteetan, bide hauetatik tiraka aurrera pauso nabarmenak lortu ditugu. Blokeo egoera hautsi eta dispertsio politikaren bukaeraren atarian aurkitzen gara. Euskal Gizartean sakoneko zauriak sortutako mendeku politika eraisten ari gara, egiazko bakean eta elkarbizitzan oinarrituta egongo den etorkizuna eraikitzen.

Bide horretan gazteok funtzezko paper bat betetzen dugu. Gure belaunaldia da hirurogei urteetan lehena gatazka politiko-armatuaren elementurik gabe hazi eta hezi izan dena. Gatazka armaturik gabe kontzientzia politiko zein pertsonala garatu duena, sozializatu dena eta militatzen hasi dena. Horregaitik, argi daukagu gure belaunaldia izan behar dela gatazka armatuaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia. 

Horretarako lanean gabiltza, izan ere gazteon artean hegemoniko bilakatu den ideia da Euskal Presoen etxeratzearena. Hori horrela, orain arte egin bezala, sektore zabalekin elkarlanean jarraitzeko eta geroz eta gazte gehiago Euskal Presoen etxeratzean paper aktibo bat betetzeko konpromezua adierazten dugu. Bien bitartean, Euskal Preso Politikoekin lotura militantea sendotzen jarraituko dugu. Gutunak eta bisitak, elkartasunez, konpromezuz, maitasunez eta askatasun grinaz betetzen jarraitzeko konpromezua dugu. Gazteok zuekin gaude eta azken preso, iheslari eta deportatu politikoa etxean eta aske egon arte lanean jarraituko dugu. Benetako bakean eta elkarbizitzan oinarrituta egongo den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzen.

 

Euskal Preso, Iheslari eta Deportatu politikoak etxera!

Gazteok zuekin!

The post Askatasuna euskal preso politikoentzat appeared first on Ernai.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde iraultzailea da, eta Euskal Herri gazte, aske, sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna du helburu.