2021-11-04 13:46

Garabide elkartearekin lankidetzan, EMUNek duela urte batzuk hasi zuen Mexikoko Cuetzalanen (Puebla) kokatutako Tosepan kooperatibarekin elkarlana. Nahuatl hiztun komunitatearekin lan munduaren euskalduntzean urteotan EMUNek izandako esperientzia partekatzeko asmoz ekin genion egitasmo honetan parte hartzeari. 2019an Txerra Rodriguez Gomez emunkideak bertan egindako egonaldian hizkuntza kudeaketarako planen diseinuan aholkularitza eskaini zien erakundeko ordezkari eta kideei eta bi herriotako errealitate eta esperientziak partekatzeko elkarrizketa aberatsari ekin zitzaion.

Orduan hasitako bideak jarraipena izango du aurten ere. Azaroaren 6tik 19ra bitartean Onintza Legorburu Larrea emunkidea izango da Garabideko Juan Luis Arexolaleibarekin batera. Txoko honetan bidaiaren eta lankidetza esperientzia honek emandako gogoetak jasoko ditugu.

LANKIDETZA BIDAIA BATEN PODCAST KRONIKA (Onintza Legorburu Larrea)

1. IRITSIERA

25 ordu. 25 ordu pasa behar izan dira, Arrasaten irten, eta Tosepanera iristeko. Mexiko hirian lur-hartu dugu, gaueko 20:00ak aldera. Ilun dago, baina zarata da nagusi, bizitza. Lur hartu, migrazioko kontuak egin, eta gauza garrantzitsuei heldu diegu; 25 orduko bidaia baten ostean garrantzitsuena denari, alegia. Kanpora irten eta zigarroa piztea izan lehen lana,  “kalada” luzea; 25 ordu erretzeke dagoenaren tamainakoa.

Parean kotxeen joan etorria. Kotxe handiak, Hollywood-eko pelikuletan aberatsek erabiltzen dituztenen parekoak. Harritu egin gaitu kotxeen tamainak, eta glamourrak, zergatik ezkutatu. Ameriketako Estatu Batuetan kokatzen baikenituen horrelako kotxeak, goiko bizilagun aberatsenarenean, eta ez Mexikon. Minutu gutxira, Tosepandik etorri dira gure bila. Kotxeak ez dauka horrenbeste glamour, baina “pickup” estiloko kotxe handi bat da, eta honek ere, Amerketako Estatu Batuak gogorarazi dizkigu. Mexikar baino, Chicano sentipenarekin egin dugu Mexiko hiritik Tosepanerako bidaia.

Glamour, kotxe eta “pickup”-en artean, harrigarria da, 7 miloi pertsona inguruk jatorrizko hizkuntzaren bat hitz egiten duten herrialdean, ez dugula gaztelania ez den beste hizkuntzarik entzun, ezta irakurri ere. Aireportuan gaztelania da nagusi, baita Cuetzalango kaleetan ere. Nahiz eta, igandea izaki, Cuetzalango merkatura joan gara, turista onenen pare. Merkatuan baserritarren artean, eta helduenen artean, Nahuatl hizkuntza ere entzun ahal izan dugu. Merkatua, zaharrak eta baserritarrak… Ezaguna egiten zaigu kontua, ezta? Hemen ere, zakurrak ortozik.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
EMUN kooperatibak gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza eskaintzen ditu euskararen eta berrikuntza sozialaren arloan. EMUNek eragilea eta bidelaguna izan nahi du eraldaketa sozialaren bidez gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra lortzeko bidean. Emunkidea eta bezeroa erdigunean jarri eta gainerako eragileekin elkarlanean hainbat arlotako zerbitzuak eskaintzen ditugu, hala nola: euskara planak, itzulpenak, euskara formazioa, hausnarketa saioak, gobernatza, aniztasuna, genero berdintasuna, berrikuntza plataformak eta gizarte erantzunkizunaren arloetan garatzen ditugu proiektuak, kultura parte hartzailea eta parekidea oinarri hartuta.