2025-05-21 08:36

Euskara biziberritzen ari garenok askotan gure esparrutik aritzen gara lanean, bakoitza bere erronkei erantzuten saiatuz. Baina badakigu bidea lagun artean egiten denean, urratsak sendoagoak direla. Hori da Plazara eta Emunen artean abiatutako elkarlanaren funtsa: elkar ezagutzea, elkarrekin ikastea eta esperientziak gurutzatzea. Zubi bat eraikitzea, azken batean.

Plazara eta Emun bi kooperatiba gara, ibilbide eta errealitate desberdinetatik gatozen arren, helburu bera partekatzen dugunak: euskararen erabilera eta presentzia bizitzako esparru guztietara eramatea. Emunen, 27 urte daramatzagu erakundeetan eta enpresetan hizkuntza kudeaketa eta gai sozialak lantzen. Plazara, berriz, Ipar Euskal Herrian sortu zen duela bi urte, eta ikuspegi berritzaile eta praktikotik ari dira lanean, euskararen biziberritzeari ekarpena egiteko.

Sinatu dugun hitzarmenaren bidez, bi norabideko trukea jarriko dugu martxan: gure eskarmentua eta ikuspegiak aberastu nahi ditugu, gure jardunari beste begirada batetik begiratzeko aukera emango diguten elkarlan espazioak sortu. Eta hori guztia, eguneroko praktikatik abiatuta, eremu errealetan oinarrituta.

2025erako lehen urratsak zehaztuta daude: aisialdian eta kirolean garatutako esperientziak elkarbanatzeko lanketa bat egingo dugu, eta, era berean, euskararen erabilera ahula den eremuetan eragiteko mintegi bat antolatuko dugu elkarrekin. Baina lehen ekimen horiez harago, prozesuak berak dauka benetako balioa: harremana sendotzea, elkarren ezagutza zabaltzea, eta bide berriak zabaldu ahal izateko oinarriak jartzea.

Badakigu zubi bat ez dela egun batean eraikitzen. Denborarekin, konfiantzarekin eta elkarlanarekin sendotzen da. Eta gure asmoa da zubi hau etorkizunean ere erabilgarria izatea, gure artean sortzen den jakintza eta esperientzia etengabe gurutzatzeko.

Euskararen biziberritzeak erronka handiak ditu aurrean. Eta erronka horiei aurre egiteko, ezinbestekoa da elkarri entzutea, elkarrekin pentsatzea eta elkarrekin egitea. Hori da gure konpromisoa, eta hortik abiatuta egingo dugu aurrera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
EMUN kooperatibak gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza eskaintzen ditu euskararen eta berrikuntza sozialaren arloan. EMUNek eragilea eta bidelaguna izan nahi du eraldaketa sozialaren bidez gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra lortzeko bidean. Emunkidea eta bezeroa erdigunean jarri eta gainerako eragileekin elkarlanean hainbat arlotako zerbitzuak eskaintzen ditugu, hala nola: euskara planak, itzulpenak, euskara formazioa, hausnarketa saioak, gobernatza, aniztasuna, genero berdintasuna, berrikuntza plataformak eta gizarte erantzunkizunaren arloetan garatzen ditugu proiektuak, kultura parte hartzailea eta parekidea oinarri hartuta.