2023-04-04 08:08

2022 urteari errepasoa egiten dion dokumentu mardul hau eskuan dugula, irribarrea atera zaigu ahoan bioi.

Emozio ugari bildu diren urtea izan da guretzat: 25. urteurrena. Hartu dugu tartea 25 urte horien ibilbideari erreparatzeko eta bide hori ospatzeko, eta merezi izan du. Ospakizunetan ez ezik, eraldaketari patxadaz begira ere jardun dugu Eraldaketan jardunaldiei esker, eta koadernoetako lehen orrietan gorde ditugu han entzun eta ikasitakoak. Zalantzaz beteta proposatutako jardunaldi batzuek zalantzari berari egin nahi izan zioten lekua: ezagutzen ez dugun horri begiratu nahi izan diogu, hura balioan jarri, eta elkarrekin bide berrietan abiatu.

Eta urtearen errepaso hau testigu egokia iruditzen zaigu ohartzeko, geure neurrian bada ere, heldu diogula mandatuari. Entzun genuen, edozein aldaketa egitean, aurretikoen % 80k beren horretan jarraitu behar dutela eta komeni diren gainerako % 20ak aldatu behar direla. 2022an, nola Emun barnean gure antolatzeko moduetan, hala bezeroekin aurrera eramandako eraldaketa prozesuetan, uste dugu erregela horri segika jardun dugula.

Zalantzari eta ezezagunari lekua egiten ari gara, bai Emun bera bai bezeroen etxeetako eraldaketa prozesuak eszenatoki berrietara eraman nahian, betiere, honaino ekarri gaituen guztia balioan jarrita.

Gustatu zaigu urteko errepasoak lehen lerrora ekarri dituen gure bezeroen proiektuei distantziatik begiratzea. Badakigu ez direla denak ageri, baina agertzen diren denak izan dira. Pozgarria iruditzen zaigu ikustea lan mundua euskalduntzen abangoardia izan zirenak abangoardia izaten jarraitzen dutela bestelako gai sozial batzuei lekua egiten ere. Eta berdin, bestelako gai sozial batzuetan dihardutenek euskaraz egin nahi dutela bide hori. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu zubi horiek eraikitzeko aukera eskaini diguzuen bezero eta bidelagun guztioi.

 

Amaia Balda Etxarte eta Kristina Pavo Nuñez

Koordinatzaile orokorra eta Lehendakaria

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
EMUN kooperatibak gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza eskaintzen ditu euskararen eta berrikuntza sozialaren arloan. EMUNek eragilea eta bidelaguna izan nahi du eraldaketa sozialaren bidez gizarte euskaldun, justu eta iraunkorra lortzeko bidean. Emunkidea eta bezeroa erdigunean jarri eta gainerako eragileekin elkarlanean hainbat arlotako zerbitzuak eskaintzen ditugu, hala nola: euskara planak, itzulpenak, euskara formazioa, hausnarketa saioak, gobernatza, aniztasuna, genero berdintasuna, berrikuntza plataformak eta gizarte erantzunkizunaren arloetan garatzen ditugu proiektuak, kultura parte hartzailea eta parekidea oinarri hartuta.