ARGIA.eus

2019ko uztailaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-06-04 11:23
Nafarroako Parlamentuak onartu berri duen Kontratu Publikoen Legeak duindu egiten ditu administrazio publikoek azpikontratatutako enpresetan dihardutenen lan-baldintzak. Hona hemen Landeiaren azken alean gai honen inguruan Pablo Sanchezi egindako elkarrizketa.

Nafarroako Parlamentuak Kontratu Publikoen Legea onartu zuen apirilaren 12an, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoak jasota. ELA-Zerbitzuaken Nafarroako arduradun Pablo Sánchezek aztertuko digu Legea, zeina azpikontratatutako enpresetan lan-baldintza duinagoen alde urte luzez eginiko borrokaren emaitza baita.

Zer balorazio egiten duzu Kontratu Publikoen Legeaz?

Oso positiboa; zartako latza eman diogu prekarietateari. Garaipen historiko horri esker, hobetu egingo dira lan-baldintzak, bai azpikontratatutako enpresetan, bai zerbitzu publikoetan. Urteak daramatzagu azpikontratazioa salatzen, langileentzako prekarietate-iturri baita. Orain, berriz, prekarietateari aurre egiteko tresna ahaltsu bat daukagu.

Legearen zer alderdi azpimarratuko zenituzke?

Nafarroako edozein administrazio publikotan (Gobernua, udalak, mankomunitateak?) lan egiten duten gizon-emakume guztiei eragiten die legeak, eta sektore ugariri: eraikinen-garbiketa, herri-lanak, bide-garbiketa, lorezaintza, kirol-instalazioak, programatzaile informatikoak, hiri-barruko garraio, eskoletako jantokiak, haur-eskolak? Hau da, milaka eta milaka langileri eragiten die.

Hemendik aurrera, nahitaezkoa izango da subrogazioa, kasu guztietan, aplikagarri den sektoreko hitzarmenak hala jaso ez arren. Garrantzitsua da, halaber, beste hau ere: lege berriari esker, langileei onuragarriena zaien hitzarmena aplikatuko da, hobekuntza pertsonalen edo enpresa- zein lantoki-hitzarmenen bidez, eta indarrean jarraituko dute hitzarmenek edo aurreraginari eutsiko diote.

Gutxieneko langile- eta lanaldi-kopuru bermatu bat edukitzeko obligazioa ere aipatzen du legeak, bai eta laneratu ez direnen ordezkoak jartzekoa ere. Oso garrantzitsua da hori, bermatu egiten baitu enpleguari eutsi egingo zaiola, eta mugatu azpikontratatuei emango zaien lan-karga.

Luzea izan da bidea, baina mereziko zuelakoan nago?

Zuzen zabiltza, erabat gainera. Bide guztiek dute bere hasiera, eta honek ere badu berea: ELAk 2014an abiarazi zuen Herri Ekimen Legegilea (HEL), zeina 14.635 langilek sinatu zuten. Beti izan dugu argi lan-baldintza duinagoak ez direla elkarrizketa sozialeko mahaietan lortzen, langileak antolatuz baizik.

HEL hari esker, hau lortu genuen: sektoreetako hitzarmenen aplikazioa, baldintza okerragoko enpresa-hitzarmenak saihestea, eta subrogazioa bermatzea zerbitzu-emakidako kontratuetan, nahiz eta Parlamentuko tramitazioan aldatu egin zuten ELAren testua, subrogazioa kasu guztietan berma zedin eragozteko.

Horrez gain, azpikontratetako lan-baldintzak eztabaidagai bihurtzea lortu zuen HELk, eta kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzearen premiaz hitz egitea (ordura arte, apenas inork aipatzen zuen gai hori). Gure HELk ekarri zituen hobekuntzak izan ditu euskarri lege berriak.

Badaukagu, beraz, lege on bat. Orain, hura betearazten saiatu behar dugu?

Arrazoi duzu. Badago zer egina oraindik. Kontratu Publikoen Legearen onespena ez da lorpen makala, baina ez da inongo bideren amaiera ere. Lege berriak gutxieneko baldintza batzuk bermatzen dizkigu; orain, haien alde jardutea dagokigu. Legeak legitimotasuna ematen die sindikatuei baldintza-orrien aurkako errekurtsoak jartzeko, orain artean ez bezala; hori dela eta, lege horrek dakartzan aurrerapenak betearazteko tresna bat izango dugu eskuan.

Guri dagokigu erne egotea legea betearazteko eta baldintza-orri guztietan klausula sozialak sarrarazteko. Exijitu behar dugu administrazioek lan-baldintzez arduratzea eta haiek zaintzea. Ezin dugu onartu gure lan-baldintzen kontura inork negozio pribatuak egitea.

Ez dugu ahantzi behar, noski, antolatzen jarraitu behar dugula, lantokietan, hitzarmen egokiak lortzeko eta lan-erreformaren aurka gotortzeko. Sindikatuak izan behar du langileen antolakuntza-tresna, betiere lan-baldintzak hobetzea dela helburu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.