2021-01-05 11:50
Azaroaren 17an egindako grebaren ondoren, ELAk berriz ere zaintza esparruko hainbat sektore grebara deituko ditu urtarrilaren 26an, Nafarroan. ELAk greba dinamika mandenduko du “duintasunez zaindua izateko eskubidea bermatuko duen eta zaintzaleak zainduko dituen eredu bat erdietsi arte”.

ELAk urtarrilaren 26rako greba orokorra deitu du Nafarroan, lan merkatu formal prekaritzatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko sektoreetan (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Grebara deituta daude 5.000 bat langile Nafarroan.

“Zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, pertsonen gainetik etekin ekonomikoa lehenesten duten enpresen esku, hain zuzen ere. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantzatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da”, dio sindikatuak.

ELAk argi dauka lehendik ere agortutako zaintza ereduak bere mugak inoiz baino argiago erakutsi dituela pandemia honetan. Datuak ditu lagun: gaixotutakoen herenak merkantilizatutako zaintza esparruan lan egiten du edo bertako zerbitzua jasotzen du. “Zaintza eredu honek gaixotu eta hil egiten du. Ezinbestekoa da zaintza sistema desmerkantilizatzea eta horretarako grebara deitutako esparruen berehalako publifikazioa exijitzen dugu”.

Gauzak horrela, ELArentzat ezinbestekoa da zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzaraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua.

Mobilizazio ziklo honetako aldarrikapenak hauek dira:

  1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).

  2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

  3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

  4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

  5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

  6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

  7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko.

ELAren ustez, aliantzak ehuntzen jarraitzeko unea dugu. “Aldarrikapenak plazaratzeko unea da, gizarteak une historiko honen kontzientzia hartu eta urrats bat egin dezan aurrera. Hori baita gizarte justuagoa lortzeko modua, non giza-eskubideak beste edozein interesen gainetik kokatuko diren. Bizia erdigunean izatea ez dadin eslogan hutsa izan, bizitzak kapitalari gain hartu diezaion”, laburbildu du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.