2020-04-21 11:34
Nafarroan kokatuta dagoen Uscal Ingeniería Mecatrónica enpresak 85 langile ditu, eta industria-prozesuen automatizazioan aritzen da, ekoizpena handitzeko, kostuak murrizteko eta produktuen kalitatea hobetzeko, beti ere, teknologiarik eguneratuenak erabiliz. Gure enpresak 47 urte baino gehiagoko ibilbidea du, dituen bezeroen artean estatu-barnekoak nahiz nazioartekoak daude, eta Nafarroako Gobernuaren espezializazio adimentsuaren estrategiaren partaide da (S3), Nafarroako industria-sareko erreferente bat izanik.

Hala ere, aurtengo otsailaren 27an hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskatu zuen, eta konkurtso-administratzaileak eskaera onartu zuen. Ondoren, administratzaile horrek jakinarazi zigun guri, batzordekideoi, enpresaren egoera zaila kaudimen gabezia nabarmena zela-eta. Konponbideren bat aurkitu ezean, litekeena da enpresa likidazio-prozesu batean sartzea.

Joan diren zazpi hilabete hauetan Uscal-eko langileok zalantzaz beteriko egoeran bizi gara, batetik itxaropen faltsuak irudikatu dizkigute, eta bertzetik gure soldaten ordainketa gibelatuz joan da gaur arte, ez baititugu oraindik atzerapenak jaso. Gure aldetik informazioa eskatu diogu zuzendaritzari enpresaren egoera ekonomikoari buruz, baina kudeatzaileak ez digu deus erantzun. Dena dela, Uscaleko langileok profesionaltasun eredugarriaz jokatu dugu uneoro.

Plantilla osoaren enpleguari eustea izan da beti gure eskakizuna. Enpresa, bere aldetik, kaudimen gabeziaren egoeraz jabetu bada ere, ez du neurri zehatzik hartu, gure atsekaberako. Horregatik, Zuzendaritzaren eta kudeatzailearen kudeaketa salatu nahi dugu, ezin txarragoa izan baita; izan ere, eskandaluzko zorpetze-maila batera eraman gaitu, eta ez dute plan egokirik taxutu egoera onbideratze aldera.

Tamalez Covid-19ak eragindako osasun-alarmak gure arazoak larriagotu ditu, eta balizko itxiera baten atarian utzi gaitu, 85 familiaren etorkizuna kolokan jarriz.

Azkenik, enpresako langileok Nafarroako Gobernuaren eta Sodenaren esku hartzea eskatzen dugu. Eskuhartze hori ezinbertzekoa da irtenbideak bilatzeko orduan; batez ere, kontuan hartzen badugu gure enpresa Nafarroako Gobernuaren espezializazio adimentsuaren estrategiaren (S3) partaide dela.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.