2018-05-30 15:29
ELAk salatu egin du atzo eguerdian Orozkoko harrobian gertatu zen lan istripu oso larria; Aridos y Canteras del Norte (Arcanor) enpresako bi langile zaurituta gertatu ziren; ondoren horietako bat -ELAko afiliatua zena- hil egin zen, eta besteak larri zaurituta jarraitzen du.

Lan istripua gertatu zen J.A.G.E. eta F.J.R.S. Konpontzen ari ziren makina batek harrapatu zituenean; pronostikoa oso larria zelarik, urgentziaz Gurutzetako ospitalera eraman zituzten.

ELAk galdegin du gertakariak argitzeko ikerketa egin dadila, izan daitezkeen ardurak ebazte aldera. 2018 hasieratik Hego Euskal Herrian 22 langile hil dira lan istripuz, horietatik 13 Bizkaian. Halaber, sindikatuak salatu du prekaritatea dagoela lan istripu guztien erroan, eta hainbat arrisku-faktorek areagotu egiten dutela ezbehar larri edo hilgarria izateko aukera: segurtasun neurri gabezia, lan baldintza txarrak eta erritmo biziegiak. Kasu honetan, gainera, sektorea bereziki arriskutsua da; ondorioz, aintzat hartu beharreko babes maila oso zorrotza da.

Eraikuntzan nagusi den prekaritatea da gertatzen diren istripuen arrazoi nagusietako bat. Horregatik, herri-administrazioei eta Lan Agintaritzari dei egiten diegu prebentzio eta lan osasun politikak goitik behera alda ditzaten. Halaber, exijitzen dugu lan segurtasuna pasa dadila herri-administrazioen lehentasun izatera, eta hauek derrigor ditzatela enpresak prebentzio eta lan osasun araudia betetzera. Beharrezko diren bitartekoak, pertsonak, prestakuntza eta materialak jarri behar dira, kontrol eta ikuskatze gehiago egin, segurtasun neurrien gabezia kotnrolatu eta kontratuetan dagoen iruzurrari jazarri.

ELAk bere elkartasuna helarazi nahi die hildakoaren senide eta lagunei, eta espero du zaurituta dagoena laster osatzea.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.