2020-01-31 14:18
ELAk zorionak eman nahi dizkie atzo Greba Orokorrerako deialdiarekin bat egin zuten milaka lagunei, eta eragin handia izan zuela gogoratu du. Sindikatu honen ustez oso albiste ona da herri honetako milaka emakume eta gizonek (gutxienez 145.000 izan ziren goizeko manifestazioetan) parte hartu izana deitutako mobilizazioetan.

Sindikatuak berriro dio hainbat arazok -pentsioak, lan prekarioa, etxebizitza- gero eta eragin handiagoa dutela gure herriko biztanleengan. Desberdintasuna areagotzen ari da eta atzoko greba orokorrak agerian utzi zuen jende askoren kezka; jende honek aldarrikatu zuen politika publikoak berehala aldatu behar direla. ELAren iritziz gizarte eta lan arloko arazoek irtenbide politikoak eskatzen dituzte, eta sindikatuak aurreratu du aldarri horiek eztabaida publikoan presentzia handiagoa izango dutela.

Bestalde, Administrazioak emandako datuei dagokienez, ELAk nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak zabaldutako informazioa faltsua dela: Oinarritzat plantilla osorik hartzen du, hots, zenbatzerakoan ez ditu alde batera uzten greba egin ezin duten pertsonak, gutxieneko zerbitzuak betetzeko izendatuak edota bajan daudenak.

Horren adibidea dugu Galdakaoko ospitaleko OSIa: 151 langileetatik bakarrak egin zezakeen greba; beraz, Erkoreka bozeramailearentzat soilik plantillaren %0,66ak egin zuen grebarekin bat. Hau kasu bat besterik ez da, baina Jaurlaritzak horrelaxe jokatzen du datuak ematerakoan.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek aintzat hartu behar dituzte grebara eraman zuten aldarriak, baita patronalek ere; hauei sindikatuek mahai gainean proposamen bat jarri zieten. ELAk atzo ohartarazi zuen prekaritatea egunero borrokatzen dela, eta iragarri zuen lantokietan grebak gehitu egingo direla.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.