2023-06-02 10:39
Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela-eta ELAk formazio jardunaldia antolatu du Agurainen. Aurtengoan trantsizio ekosoziala izan da jorratu den gaia. Larrialdi ekologiko garaian gaude, eta etorkizun hurbilean krisi energetiko eta materialenak aurreikusten dira. Egoera honen aurrean, irtenbide justuagoak borrokatu ahal izateko zein nolako trantsizioa behar dugun eztabaidatu da.

Lehendabizi Iparraldeko Bizi mugimenduko kideek Euskal Herria Burujabe ekimena aurkeztu dute. Ekimen honen helburua Euskal Herria lurralde burujabe, jasangarri eta solidarioa bihurtzea da. Helburu hori lortze aldera dituzten egitasmoak aurkeztu dituzte.

Ondoren Antonio Aretxabala geologo nafarra mintzatu da. Aretxabalak egungo sistema ekonomikoa aztertu du, eta bere kezka adierazi du. Izan ere, egungo eredua naturako lehengaien ustiaketan oinarritzen da, eta horrek arazo larria da gure planetaren biziraupenerako. Horregatik, bidezko trantsizio ekologiko baterako beharrezkoak diren oinarriak aztertu ditu.

Azkenik ELAko Ingurumen arduradun Ainhara Plazaolak hartu du hitza. Plazaolak adierazi duenez, “gaur egun aurrean dugun erronka handienetakoa ekonomiaren trantsizio ekologiko eta soziala da. Erronka hau ez da aukera ideologiko bat soilik, errealitateak aurre egitera behartzen gaituen erronka bat da. Langileek alternatiba konkretuak beharko dituzte lantoki bakoitzean, eta gure helburua beraientzat ahalik eta egokienak eta justuenak diren irtenbideak ematea izan behar da. Ez da lan erraza, lehen esan dugun bezala erronka handia da, baina beharrezkoa”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.