2019-04-03 11:27
2018. urtean langileek enpresa-hitzarmen baten alde ia 10 hilabeteko greba egin behar izan zuten. Greba 2018ko azaroaren 14an amaitu zen akordio on batekin. Orain, Tolosaldea Bus enpresa osatzen duten partaideak (Aizpurua autobusak, Garayar autobusak, EkialdeBus eta Auif Bus) ELAko ordezkaria kaleratzea erabaki dute. Errepresaliaren aurka langileen erantzuna greba mugagabea deitzea izan da eta apirilaren 29tik aurrera ez da autobus zerbitzurik izango zuzendaritzak erabakia atzera bota arte.

Langileen oharra:

2018. urtea gogorra izan zen, langileek enpresa-hitzarmen baten alde ia 10 hilabeteko greba egin behar izan zuten. Greba hori 2018ko azaroaren 14an amaitu zen, oso akordio on batekin.

Hala ere, martxoaren 29an enpresak Pertsonalaren ELA-ordezkaria kaleratu du, berehalako ondorioekin. Enpresak gure lankidea kaleratzeko eman dituen arrazoiak ustezko irregulartasunak dira ordezkariaren lanaren jardunean. Enpresak adierazitako arrazoi horiek faltsuak dira, eta auzibidetik inpugnatuko ditugu, eta gainera erantzukizunik handiena erreklamatuko diogu enpresari eraso berri horregatik.

Enpresa horietako zuzendaritzek mendekuz kaleratu dute langilea. Guk argi ikusten dugu. Akordioaren negoziazioaren hastapenetan zera esaten ziguten: "Nekatuko zarete, gero!". Baina ez ginen nekatu, ia 10 hilabetez iraun genuen greban, men egin gabe.

Gatazka honetako enpresen harrokeria are gehiago puztu da, eta beste eraso bat egin digute. Langileek aurreko gatazka irabazi zuten, eta enpresek mehatxupean ikusten dute beren status quo. Langile esanekoak eduki nahi dituzte, eskubiderik erreklamatzen ez duten horietakoak, enpresek eta administrazioek ematen dituzten apurrak nahikotzat jotzen dituztenak.

Tolosaldea Buseko langileok ondo baino hobeto frogatu genuen ez garela molde horretan sartzen. Enpresak bere mezua igorri digu: borrokatzeak bere ondorioak dakartza.

Bada, langileok gure mezua igorriko diogu enpresari: zuen erasoek ere beren ondorioak dakartzate. Enpresak errepresalia horren bidez irakaspen bat eman nahi die 10 hilabetez etsi ez zuten langileei. Negoziazioetan langileen ELA-ordezkaria kaleratu dute, eta eskarmentu gisa erakutsi die gainerako langileei.

Aizpurua, Garayar, Ekialdebus eta Auif zuzendaritzen eraso berri horren aurrean ez dugu beste aukerarik, greba mugagaberako deialdia egitea baino; apirilaren 29an hasteko.

Ez gara egonean geratuko bidegabekeria horren aurrean, eta argi ohartarazten diegu enpresetako zuzendaritzei: ez dugu onartuko inor mendekuz kaleratzea, ez ELA-ordezkaria, ez beste inor. Egundo baino sendoago gaude, eta ez gaituzte kokilduko horrelako ekintzekin.

Enpresa horiei erabateko boikota egitea eskatzen dugu honen bidez. Zuzendaritza horien harrokeria ikaragarria da. Ez dugu kaleratzerik onartuko. Ez dugu mendekurik onartuko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.