2019-03-06 12:29
Jaurlaritzak iragarritako erabakiek ez dute arazo hori konponduko, eta hauxe dago soldata arrakala medio piztu diren gatazka guztien atzean: Gipuzkoako auzitegi eta komisarietako garbitasuna, Gipuzkoako zahar-etxeak, Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzua...

Eusko Jaurlaritzak atzo jarraibide bat erabaki zuen kontratazio publikoetan gizon eta emakumeen arteko ordainsari berdintasuna bermatze aldera, soldata arrakalaren aurkako estrategia eta ekintza planaren baitan.

Deigarria da neurri hauek martxoaren 8 bezperatan erabakitzea; izan ere, argi dago erabakiaren helburua propaganda egitea dela, eta ikusarazi nahia genero diskriminazioaren aurka zerbait egiten ari dela.

Baina errealitatea oso urrun dago hortatik. Atzo hartutako erabakiak partzialak eta motzegiak dira, eta ez dute konponduko soldata arrakala, zeina administrazioek eragiten duten beren kontratazioetan.

Atzoko neurri nagusietako baten arabera, lehiaketa publikoetara agertzen diren enpresen balorazioa egiteko irizpideak finkatzen dira, eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten enpresei puntu gehiago ematen zaie. Beraz, administrazioek lizitazio konkretu bat egiten dutenean aplikatzen da; haatik, puntu gehiago emateak, zehazki %5ak, ez du beti bermatuko kontratatzen den enpresak berdintasun helburuak aintzat hartzea.

Halere, administrazioetako soldata arrakalaren arazoa haratago doa, eta badu sustrai argi bat: lanaren banaketa sexuala eta azpikontratatzen diren jardueren balorazio ezberdina. Hain zuzen, esleipenetan balio handiagoa aitortzen zaie gizonak gehiengo diren lanei, eta lan feminizatuei txikiagoa. Esleipen publikoetan ez da betetzen oinarrizko printzipio bat: “balio bereko lanak = soldata bera”.

Esaterako, Gipuzkoako auzitegi eta komisarietako langileak -greban 160tik gora egun daramate- Eusko Jaurlaritzak berak eragindako soldata arrakalari aurre egiten ari dira: urtean 1.500 eta 3.000 euro bitartean, kaleko garbitzaileekin alderatuz gero, era eta balio bereko lanak egiten dituzten arren.

Jaurlaritzak iragarritako erabakiek ez dute arazo hori konponduko, eta hauxe dago soldata arrakala medio piztu diren gatazka guztien atzean: Gipuzkoako auzitegi eta komisarietako garbitasuna, Gipuzkoako zahar-etxeak, Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzua...

Beraz, administrazioetako soldata arrakala desagerrarazi nahi bada, besteak beste esleipenen balorazio orokorra egin behar da, guztietan erabiltzen diren balorazio irizpideak berrikusiz eta era bereko lanei balio bera aitortuz; lehiaketa publikoen ondorioz kontratatzen diren zerbitzuetan lanaren banaketa sexuala gainditu beharra dago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.