2020-07-24 10:59
Nafarroa aitzindari izan da aspaldidanik energia berriztagarria sortzen, eta hala izan da bultzada publikoari esker. Izan ere, Nafarroako Gobernuak "Nafarroako Energia Hidroelektrikoa" enpresa sortu zuen 1989an, eta baita "Gamesa Eolikoa"ren sorrera ere bultzatu zuen 1994an. Hala ere, azken urte hauetan hartu izan diren erabaki politikoen ondorioz, enpresa horien erabakiguneak Nafarroatik kanpora joan dira banan-banan, multinazional diruzale okituen eskutik (2004an Accionak NEH erosi zuen, eta 2017an Gamesak iragarri zuen Siemens alemaniarrarekin batuko zela).

Gero eta diru gehiago irabazteko helburu horren erruz Gamesak 10 urte baino gehiago daramatza Nafarroako lantegiak ixten (Imarkoain, Agustinos, Tutera, Olazti, Altsasu...). Kaleraturiko langileen kopuruari begiratuz gero, itxierarik traumatikoena Altsasuko lantegiarena izan da, 2010. urtean 150 lan-kontratu azkendu baitziren enplegu-erregulazioko espediente baten bidez; zeina, azkenean, deuseza deklaratu baitzuen Auzitegi Gorenak 2015ean.

Gure kasuan, Agoizko lantegia ixteko erabakia deslokalizazio borobila da, bertzerik ez. Gure enpresak ez du galerarik; alderantziz, etekin handiak ditu. Baina, ekoizpena bertze lantegi batzuetara eramanez are gehiago irabazi nahi dute. Gaur egun Agoitzen egiten den pala-eredua ez dago katalogotik aterata, eta Siemens-Gamesak Tangerren duen lantegian egiten jarraituko dute. Horren ildotik oso argi utzi nahi dugu gure lantokia oso lehiakorra dela, produktibitate- eta kalitate-maila handiak dituela; eta, gainera, gure lantokiak tamaina handiagoko palak egiteko dimentsio nahikoa baduela.

Agoizko lantegiak hamaika urte baino gutxiago ditu, eta 64,5 milioi euroko inbertsioa egin behar izan zen (Miguel Sanz zera erratera iritsi zen: "ekoitzitako palak garraiatzeko, bi errepide eraiki behar badira, bi errepide eginen dira; eta hiru egin behar badira, hiru eginen dira"). Bere garaian, Nafarroako Gobernua Agoizko lantegia eraikitzearen alde agertu zen, eskualde hartako enplegurako pizgarri izanen zelakoan. Izan ere, Solano lantegia itxi ondoren eskualdeko enplegua kinka larrian geratu zen; eta bertzalde, Nafarroaren apustu estrategikoa ere bazen, autogintza sektorearekiko zegoen morrontza arintzeko baliagarri izateko zena. Baldintza horien pean, milioi ugariko diru-laguntzak eman zitzaizkion Gamesari lantegia eraikitzeko.

Siemens-Gamesa modu anker eta gizagabean portatu da gurekin. Hainbesteraino ezen gu kalera botatzeko zuten asmoaren berri komunikabideetatik jakin genuen (ia aste horretan bertan Agoizko zuzendaritzak 2021eko irailera arte lan-karga aski bazegoela ziurtatu zigun). Gainera, azken hilabeteetan, Zuzendaritza itxieraren plangintzan buru-belarri aritzen zen bitartean, laneko eskaera guztiak ateratzeko ahalik eta gehien lan egitera bultzatzen gintuen; eta gero udako hilabeteetan gauzatu du itxiera, langileen erantzuna albait ahulen izan dadin, baina plantilla honek ez du etsiko lanpostuak galtzera.

Eta lanpostuak gal ez daitezen ezinbertzekoa da Nafarroako Gobernuaren inplikazioa. Lehenik eta behin, lotsagarria delako diru publikotik milioika euro jaso dituen enpresa batek alde egitea erabakitzea, hori zuritzen duen benetako arrazoirik izan gabe. Gainera, energia berriztagarriak Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren parte dira, Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan jasotako estrategia, hain zuzen. Bertzalde, gure enpresa ixteak larritagotu eginen luke Pirinioaurreko ibarretan pairatzen den despopulazio-arazoa (gogoan izan behar dugu Europar Batasunak kilometro karratuko 12,5 biztanleko dentsitatean kokatzen duela despopulazio-arriskuaren atalasea, eta Nafarroako Pirinioaurreko dentsitatea 7,7koa dela). Eta azkenik, itxierak langabeziaren arazoa ere areagotuko luke Agoitzen (2020ko ekainean Nafarroako langabezia-tasa %9,6koa zen, eta Agoizkoa, berriz, %13,66koa). Arrazoi horiengatik guztiengatik uste dugu Gobernuak ezin duela bertze aldera begiratu; alderantziz, bete-betean parte hartu behar duela.

Siemens-Gamesa Agoizko langileok geure burua antolatzea eta borroka egitea erabaki dugu, gure enpresa itxi ez dadin. Gure esku dagoen guztia eginen dugu; eta bertze horrenbertze eskatzen diegu  Nafarroako Gobernuari, gure erakundeei eta alderdi politiko guztiei.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzera hurbildu zaizkigun pertsona guztiei (uztailaren 11ko manifestazioak adore handia eman zigun), eta indarrak batzen jarraitzera bultzatzen zaituztegu. Badakigu une zailak biziko ditugula hemendik goiti, baina borrokatzeko gogoa dugu, eta ziur gaude Agoizko gure lantegia ez ixtea denon artean lortuko dugula.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.