ELAk onartezintzat eta justifikaziorik gabekotzat jo du iragarpena; izan ere, Bridgestonen asmoa Basauriko lantegian lanpostuak ezabatzen jarraitzea da, oraingoan, kaleratze kolektibo baten bidez, enpresaren barne jarduerak garatzeko funtsezkoa den kontrata batean, bai garbiketan, bai bere instalazioen mantentze-lanetan aritzen dena.
Azpikontratazioa prekaritatearen aurpegia da, eta langileekiko babesgabetasunaren sinonimoa, ELAk salatu duenez. Serveok azaldu du kaleratze kolektibo bat aplikatuko duela ekoizpen- eta antolaketa-kasusengatik, Bridgestonen 232 lanpostu iraungitzearen ondorioz. Iraungitzea enpresa-batzordearen gehiengoak (CCOO, UGT eta BuB) onartu eta sinatu zuen, Zuzendaritzak alegatutako arrazoiei men eginez.
Serveoren iragarpenaren aurrean, eta EEEaren kontsultaldian kaleratzeen kopurua zehaztu gabe egonda ere, ELAk adierazi du Bridgestonen enplegu suntsiketa berri hau geldiarzteko behar besteko neurri juridiko eta sindikal aurrera eramango dituela. ELAk lanpostuen bideragarritasuna defendatuko du. Sindikatuak aldarrikatzen du ezin dela ehun industriala suntsitu multinazionalek, kasu honetan Bridgestonek, irabazi milioidunak lortzen dituen bitartean.