2020-03-12 13:27
Otsailaren 13an, Boluetako Santa Ana enpresako zuzendaritzak 30 langileri eragiten dien ERTE bat aurkeztu zuen, ekoizpen falta eta galera ekonomikoa aitzakiatzat hartuta. Egoera honen aurka protesta egiteko eta bideragarria den proiektu honen alde egiteko, langileek 11 greba egun iragarri dituzte. Lehena martxoaren 11n izan zen.

ERTEaren esparruan dokumentazio ugari eskatu dugu enpresaren egoera ezagutzeko. Haren zati bat ukatu diguten arren, hainbat kontu ziurtatu ahal izan ditugu:

  • Aurkezten diguten balantze ekonomikoak finantza-egoera osasungarria marrazten digu; azken ekitaldian 2,1 milioi euroko irabaziak izan dituzte.
  • Ekoizpen faltari dagokionez, enpresak aitortu digu azken urtean aparteko ordu asko sartu direla, eta horrek adierazten digu egoera ez dela konpainiak berak deskribatzen duen bezalakoa.

Egoera latz honen aurrean, langileek 11 greba egun antolatu eta egingo dituzte. Greba, martxoak 11an hasi zen. Greba-egunak hauek izango dira: martxoak 11, 12, 13, 17, 18, 20, 25, 26, 27, 29, 30 eta apirilak 1.

ERTEak 4 hilabeteko iraupena du, denbora horretan 23 langile langabeziara joango dira 3 hilabetez, hilabete bakoitzean astebetez bakarrik lan egingo dute, eta 7 langile 2 hilabetez egongo dira langabezian, 09:00etatik 13:00etara soilik.

Boluetako Santa Ana, 1841ean sortua, Ezkerraldeko enpresarik zaharrenetako bat da. Beraz, enpresa historiko batekin egiten dugu topo. Abrako industrialdean dago, Abanto-Zierbenan, eta 50 langile inguru ditu.

Azken urteetan, eskuz esku pasatu da enpresa. 2013an Metsori saldu zioten enpresa. 2019an, MOLYCOP multinazionalak, meategietarako bolak egiten liderra denak, enpresa erosi zuen. Urtebete baino gutxiago igaro da, eta multinazional honek gure lantegiarekin dituen asmoak ez ditugu ezagutzen.

ELAk justifikaziorik gabeko ERTE hori berehala kentzea eskatzen du, eta, gainera, etorkizuneko berme erreal batzuk Abanto-Zierbenako lantegiarentzat eta haren plantilla osoarentzat. Benetako bideragarritasun-plan bat eskatzen dugu, enpresa historiko honen etorkizuna ziurtatuko duena.

Azkenik, adierazi behar da ELAk sozializazio- eta interpelazio-prozesu instituzional bati ekin diola, borroka partekatzeko eta enpleguarekin konpromiso politikoak bilatzeko. Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu Abanto-Zierbenako Udaleko talde politiko guztiek dagoeneko elkartasuna adierazi diotela plantillari, eta Enpresako Zuzendaritzari ERTE kentzea exijitu diotela.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.