2020-03-17 18:11
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartu duen Errege Lege Dekretua bere osotasunean ezagutzea beharrezkoa dela uste du ELAk, eta, beraz, balorazio zehatza egingo du EBOn argitaratzen denean. Hala ere, ELAk aurreratu du Pedro Sanchezen Gobernuak hartutako neurriak berandu iristen direla eta ez direla nahikoak. Neurri horiek berandu iritsi dira, enpresa askoren jarduera aldi baterako gelditzeko erabakiak hartzen ari direlako langileen babesean inolako aldaketarik egin gabe. Oso gertaera larria da; izan ere, administrazio guztiak jabetzen ziren (edo hala izan beharko lukete) erabaki horiek erabiltzean zuten eraginaz.

Bestalde, dekretua eskasa da. Gabezien artean, funtsezko sektoreetan kokatzen ez diren enpresa guztien jarduera geldiaraztea erabaki gabe jarraitzen du. Kaleratzeak ere ez dira debekatu, ELAk eskatzen zuen bezala eta Italian onartu berri den bezala. Horregatik guztiagatik, ELAk uste du iragarritako neurriak ez direla nahikoak langile klasea eta kolektibo sozial ahulenak babesteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.