2019-06-26 14:01
Hau da ELA sindikatuak sortutako kanpainaren leloa, ostalaritza arloko langileei zuzendutakoa.

Honen helburua, jai egun hauetan langile guztiok urtean zehar ditugun eskubide berberak ditugula aldarrikatzea da. Horretarako, errespetatu beharreko oinarrizkoenak azpimarratu ditugu, enpresen gehiegikeriak ekiditeko.

Hurrengoak dira: Kontratu bat izan, gizarte segurantzan lan egiten ditugun ordu guztiengatik alta ematearen derrigorrezkotasuna, gutxienez Nafarroako Hitzarmenak zehaztutako soldataren arabera kobratzea (aparteko orduak ere) eta egunero lan egiten ditugun orduak modu errealean jasotzen dituen erregistroa izatea.

Agian arraroa egin daiteke gaur egun oinarrizko eskubideak errespetatzearen beharraren inguruan aritzea. Baina tamalez, esperientziak esaten digu 2019. urtean, oraindik ere bizi-bizi dagoen gaia dela eta beharrezkoa dela Iruñean horrelako kanpainak aurrera eramatea. Urtero ailegatzen zaizkigu sindikatura oinarrizko eskubideen kontra egiten duten egoerak: ordainketa eza eta kontratazioan zein gizarte segurantzarekiko iruzurra, gehien bat.

Ostalaritzan ematen diren gehiegikeriak ez dira bakarrik San Ferminetako edo beste jaietako kontua. Egunerokotasunean ematen diren egoerak dira. Hala ere, data hauek bereziki baimentzen dituzte: behin-behineko kontratuak, ez-ohiko langileak, lan-ordu asko egunero, etab. Gainera, San Ferminetan guzti hau egin daitekeenaren sinesmena hedatuta dago erabat.

Sindikatutik, garrantzia berezia ematen diogu langileen sarrera eta irteera orduak modu errealean islatzen duten erregistroa egoteari. Legeak esaten duenaren arabera, langile guztiek eskura izan beharreko tresna da, legez kanpoko egoerak salatzeko oinarrizkoa bihurtzen delarik. Orain arte gure erreklamazioak juridikoki ez ziren bidegarriak, lan egindako jardunaldi erreala justifikatzeko ezintasunarengatik.

ELA-k lan ikuskaritzari deialdia egiten dio honela, gaiaren inguruan ardura hartu eta legeak San Ferminetan ere betetzen direla ziurtatzeko. Iruzurra gertatzen ari delako langilearekiko, bai, baina baita gizarte segurantza eta Nafarroako Ogasunerarekiko ere. Eta horrek Nafarroako biztanle guztioi eragiten digu.

Horrekin batera, Nafarroako Ostalaritza Hitzarmena sinatzeko orduan patronalak izandako jarrera salatu nahi dugu. Kontrolerako tresna efektiboen erabilpena sindikatu eta langileei ukatuz, enpresei mesede egiten die. Zentzurik gabeko jarrera, haiek esaten dutenaren arabera enpresen gehiengoa legea betetzen dutelako.

Bukatzeko, langileei sindikatura hurbiltzeko deialdia egiten diegu, jasaten dituzten legez kanpoko egoeren salaketan lagundu ahal izateko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.