Oraingoz “aurreakordioa” besterik ez dute ezagutzera eman, eta hitz eman dute “datozen egunetan” akordioaren xehetasunak azalduko dituztela. Beraz, akordioa taxuz epaitzeko itxaron egin behar. Bitartean, aurreakordioa besterik ez daukagu irtizia emateko; arlo sozialeko eremu batzutan musika atsegina entzuten da, baina hau kontraesanean dago aurrekontu orekatuak izateko konpromisoarekin eta “Espainiak Europarekin dituen ardura fiskalari buruzko akordioak” errespetatzeko borondatearekin. Hots, gauza bat eta honen kontrakoa; hau ez da posible, eta sakon analizatu behar da.
ELAren ustez 2010eko eta 2013ko lan eta negoziazio kolektiboko erreformekin ezarri ziren murrizketei atzera eragin behar zaie, baita 2011ko eta 2013ko pentsio erreformei ere (hau da, Zapateroren eta Rajoyren gobernuek ezarritako murrizketak bertan behera utzi). Ezinbestekoa da ere Konstituzioko 135. artikuluaren erreforma indargabetzea, baita bere ondorioa ere, Aurrekontu- eta Finantza-Egonkortasun Legea, zeinak aurrekontuen hazkundea mugatzen duen gastu-arauaren, defizitaren eta zor publikoaren bidez.
Halaber, ezartzen ari diren politika errepresiboak baztertu behar dira. Hor ditugu preso politiko katalanak edota dispertsioa, Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreformak... Hauek aurreakordioan aipatu ere ez dituzte egin.
Azkenik, ELAk uste du herrien autodeterminazio eskubidea aitortu behar dela, eta hori ukatu egiten da PSOE-UP aurreakordioan; beronetan “ulertzeko eta bat egiteko formulak” aipatzen dira, “beti ere Konstituzioaren baitakoak”.