2020-02-05 13:53
Hilabete eskasean 11 hildako izan dira Euskal Herriko lantokietan. Lan-istripuak eta prekaritatea erabat loturik daude, Osalanek berak azaltzen duenez, baina Eusko Jaurlaritzaren eskumenekin neurriak hartu beharrean Behatoki bat sortu dute beren burua zuritzeko.

Otsailaren 3an eta 4an bi hildako berri izan ditugu gure lantokietan, bata Galdakaoko enpresa batean ari zen eraikuntzako azpikontrata batean eta bestea Santurtziko ontziola batean ari zen beste azpikontrata batean. Azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta prebentziorako baliabide eskasiak izaten dira istripuen kausa nagusiak. Osalanen arabera istripuen erdiak kontratuen lehen bi hilabeteetan izaten dira, eta kontratuen erdiek hilabete baino gutxiagoko iraupena dute. Berriz diogu, lan-prekaritateak hil egiten du.

Osalanek berak berriki aurkeztutako txostenean adierazi zuen azken urtean istripu kopurua handitu egin dela. Lan-istripuen loteria makabro honetan lan-baldintzek dezimoz betetzen dituzte langileen poltsikoak, batzuetan zorte hobea dugu eta hildako gutxiago izaten dugu eta beste momentu batzuetan, urte hasiera honetan bezala, zorte okerragoa dugu eta lantokietan hildakoak pilatzen dira.

Gobernuak eta eragile sozialok lan-istripuen dramari aurre egin nahi badiogu prekaritateari aurre egin behar diogu ezinbestean. ELAren ustez Eusko Jaurlaritzak urgentziazko plan bat jarri behar du martxan, bere baliabide guztiak (Osalan, Lan-ikuskaritza edo Ertzaintza) prekaritatea eragiten duten enpresen aurka jartzeko. Prekaritateari beste edozein delituren tratamendua eman beharko liokete eta prekaritatea eragiten duten eragilean beste edozein delitugileren pare jarri, jarrera horrek bakarrik eragingo du lan-istripuak murriztea.

Zentzu horretan, ELAri lotsagarria iruditzen zaio ekintzak martxan jarri eta beharrezko baliabideak jarri beharrean, beren burua zuritzeko Eusko Jaurlaritzak, CONFEBASKek zein CCOO edo UGTk Behatoki bat sortzea, are gehiago Osalan existitzen dela kontuan izanik.

Honengatik guztiarengatik, otsailaren 7an kontzentrazioa egingo da Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean 12:00etan, bertan prekaritatea salatu eta Eusko Jaurlaritzari prekaritatearen aurkako neurriak har ditzan exigitzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.