2019-04-05 12:56
ELAk 2017ko ekainaren 15an eta 16an egin zuen bere azken Kongresu Konfederala. Ez dira bi urte igaro Kongresu horretatik, eta abagune sozial, ekonomiko eta politikoa ez da askorik aldatu. Bertan onartu ziren ponentzia eta ebazpenek gaurkotasun osoa dute, beraz. Baina, hala ere, egungo abagunera egokitu eta sindikatuaren oinarriak sendotu asmoz, hiru ebazpen eztabaidatu dira Kursaalean. Hiru ebazpenak aho-batez onartu dira.

Prekarietatearen aurkako ebazpena

Azken Kongresutik prekarietateren aurkako borroka eredugarriak izan ditugu, etorkizunean sindikatua izan daitekeenaren zantzu argiak ematen dizkiguten borrokak. Sindikatuak langileen bizi-baldintzak hobetzeko tresna eraginkorra izaten jarraitu nahi badu espazio horietan izan behar du eraginkor. Gure agendan prekarietate eredu ezberdinen aurkako borrokek denbora eta espazioa irabazi behar dute; hor erabakiko da ELA zer izango den hurrengo hamarkadetan. Gurea galtzaileak antolatzeko proiektua da, eta galtzaile nagusiak prekarietatearen eremuan dauzkagu. Prekarietatearen aurkako ebazpena gai honen inguruan hausnartzeko aukera bikaina izan da.

Politikaren inguruko ebazpena

ELAk urteak daramatza gure autogobernua jasaten ari den erasoak salatzen. Baina larritasuna ez da soilik gure eskumenak jasaten ari diren mutilazioa; larriena da egungo baldintzetan ezinezkoa dela Estatuarekin dagoen harremana aldatzea. Kataluniari erreparatu besterik ez dago. Eta, hau guztia gutxi balitz, eskuin muturraren loraldi izugarria ikusten ari gara Estatuan. Egoera hau izanik, paradoxikoa izan daitekeen arren, gaitzuste eta desmobilizazio fase batean gaude gai nazionalari dagokionez.

Egoera iraultzeko, ELA sinetsia dago sindikalgintza abertzaleak asko duela esateko. Soberanismoak ezkerretik irabazi behar du gizartea, eta horretarako ezinbestekoa da gizartearen gehiengoaren interesen alde egingo duen sindikalgintza bat.

Gizarte ereduaren inguruko ebazpena

2017an egindako 14. Kongresu Konfederalean ELAk arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko konpromisoa hartu zuen. Izan ere, Euskal Herria ez da oasi bat, eta ez gaude arazo larri hauetatik salbu. Sistema kapitalistak planeta bere muga fisikoetara eramaten jarraitzen du, mugarik gabeko gutizia erabIliz. Honek guztiak mundu bidegabe batetara bultzatzen gaitu, aberatsak gero eta aberatsagoak eta pobreak gero eta pobreagoak diren testuinguru batean.

Egoera hau iraultzeko ELAk bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten alde lan egitearen aldeko konpromisoa berretsi nahi du. Xenofobia eta arrazakeria oso lotuta daude neoliberalismoaren ondorioekin. Hortaz, neoliberalismoaren aurka borrokatzea xenofobiaren eta arrazakeriaren aurka lan egitea da.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.