ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-02-18 17:35
Bost hilabete greban daramatzaten polizia-etxe eta eraikin judizialetako garbikuntzako langileek elkarretaratzea egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, emakume izate hutsagatik pairatzen duten soldata arrakala salatzeko. Komisaldegietako langileekiko %13ko aldea dago euren soldatatan (3000 euroko aldea urtean); %7koa, berriz, eraikin judizialekiko (1500 euroko aldea urtean). Hiru sektore hauek Administrazioaren azpikontratak dira. Desberdintasun bakarra dago: kaleko garbikuntzan %80 gizonezkoak dira; beste bi sektoretan, berriz, %95 emakumezkoak. Sektoreko langileek 120 egun baino gehiago daramatzate greban esleipendun den Garbialdi enpresak gatazkari behin betiko konponbidea emango dion negoziazio seriorik abian jartzen ez duelako.

Donostian egindako agerraldian, eta Martxoak 8ko greba feminista gero eta gertuago den honetan, ELAko berdintasun saileko arduradun Leire Txakartegik gogor salatu du erakunde publikoen jarrera bikoitza. Alde batetik, berdintasunaren aldeko propaganda feminista egiten dute publikoki, batez ere Martxoaren 8a badatorrela aprobetxatuz. Praktikan, ordea, soldata arrakala pairatzen duten emakumeei bizkarra ematen diete. Nabarmendu duenez, halako lan gatazkatan esku hartzeak islatuko luke gauzak aldatzeko benetako borondatea dagoela. Erakunde publikoek ez dute, ordea, horretarako interesik. "M8an kalera aterako dira arduradun politikoak, baina hipokresia eta faltsukeri ariketa bat izango da oraingoan ere. Soldata arrakalarekin amaitzeko urratsak eman nahi badituzte hementxe daukate aukera paregabea. Berdintasun politikak praktikara eramateko parada ezin hobea", baieztatu du.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Segurtasun Sailek aukera ezin hobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Izan ere, egungo legeriak Administrazio Publikoei aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioei aurre egiteko (generokoak barne) gizarte klausulen bidez. Beraz, bi sektoretan publikatuko diren baldintza orriek badute legearen babesa soldata arrakala ezabatzeko. Horregatik, langile grebalariek Justizia eta Segurtasun Sailaren eta Garbialdiren benetako inplikazioa eskatzen dute, behingoz garbikuntzako sektorean soldata berdintasuna lor dadin.

Txakartegik argi dauka gatazka hau irabaziko dutela eta erreferentziala izango dela hemendik aurrera negoziazio kolektiboan soldata arrakalaren gaia zentrala izateko.

? ?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.