Gaur zegoen aurreikusita eskola-jantokietako aldizkako langile finkoen egoera arautzeko negoziazio-mahaia eratzea. Haatik, espainiar patronalak eta Euskal Ostalaritza Federazioak ukatu egin dute negoziazio-mahaia eratzeko aukera; honen xedea zen langabezia jasotzeko eskubidea ziurtatzea soilik ikasturteak irauten duen artean kontratua duten eskola-jantokietako beharginei.
Egoera hau ikusirik, ELAk adierazi du espainiar patronala euskal langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen ari dela; Ostalaritza Federazioaren posizioari dagokionez, ELAk ohartarazi du aldizkako kontratu finko partzialak soilik arautuko dituela halako kontratuak dagoeneko badiren eremuetan; izan ere, zerbitzua ematen den ordu-tartea kontutan izanik, ezinezkoa baita bestelako kontratu motarik aplikatzea; haatik, sindikatuak ez du onartuko beste eremu batzuetan lan-baldintzak prekarizatzea, lanaldi osoko kontratazioa posible baita horietan.
ELAk salatu duenez, Food Service-ren eta Euskal Ostalaritza Federazioaren jarrera lanaldi partzialeko kontratua duten eskola-jantokietako langileen kontrako erasoa da -hauek 8.000 inguru dira-, genero kutsu nabarmena du eta sarrera urriagoak izatea eragiten du.
Lan Sailari dei egiten dio ELAk hau aintzat hartu eta Eurest edo Serunion-en moduko enpresen kontra jo dezan; hauexek dira, patronal horietako kide izanik, jarrerarik gogorrena agertu dutenak eta negoziazio hau oztopatzen ari direnak. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu kontratu publikoak esleitzerakoan kontutan izan dezala enpresa hauen arduragabekeria soziala. 8.000 emakumeren eskubideen kalterako izateaz gain, jokabide horrek prekaritatea areagotzen du eta genero-arrakala gero eta sakonagoa izatea dakar.