2020-04-03 10:39
Mundu osoan frogaturik geratu denez, enpresak geldituz gero, bizitza gehiago salbatzen dira. Hemen, ordea, Nafarroako Gobernua izan da geldirik geratu dena, eta Espainiako Gobernuak agindu behar izan du funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko.

Neurri hori hartu izana albiste ona izan da, lehenago eta hobeki hartu behar bazen ere. Benetan beharrezkoa zen birusaren hedapena mugatzeko, eta Osasunbidean gainez ez egiteko (medikuak, erizainak, garbitzaile azpikontratatuak eta anbulantziak muga jotzekotan dabiltza). Gainera, horrela, dauzkagun baliabideak gako sektoreetan hobeki bildu daitezke albait bizitza gehien salbatzeko: osasun-arloan, zainketa-sektorean, garbikuntzan, elikaduran... Zeinetan langile gehienak emakumeak diren, hain zuzen, aitorpen sozial eskasarekin eta lan-baldintza prekarioekin (soldata-arrakala eta ikusezintasuna). Langile horiek kutsatzeko arriskuan lan egin behar dute egunero, eta beren egoeraren larritasunaz eta premiaz ohartarazten gaituzte etengabe. Zahar-egoitza anitzetan gainezka daude, eta erabiltzaileak artatzeko duten laneko arropa zabor-poltsez egindako babes-janzkiak dira. Arazo horiek berak (lan-karga handiak, estresa eta segurtasunik eza) elikadura-sektorean ere pairatzen dituzte.

Hala ere, kontua begi bistakoa izan arren, Nafarroako Gobernua funtsezkoak ez diren jarduerak gelditzearen aurka agertu da, CENekin bat eginez. Maria Chivite lehendakariak malgutasuna eskatu dio Pedro Sanchezi, funtsezko jarduerak zein diren Nafarroan erabakitzeko. Haren helburua ahalik eta enpresa gutxien gelditzea da Nafarroan, osasun-arloko irizpidearen eta zientzia-komunitatearen iritziaren kontra. Tamalez gure lehendakariak ez dio eskatzen malgutasun hori bera Madrili, adibidez Nafarroako superabita gizarte-beharrizanetara bideratzeko, edo gastu-muga zabaltzeko. Agidanez, Nafarroako Gobernuak autogobernuaren eskakizuna plazaratzen du patronalari ongi datorkionean soilik.

Azpimarratu beharrekoa da azken asteotako kutsapen-fokurik handienak lantoki irekiak izan direla. Volkswagengo langileek jarduera gelditzeko eskatu zuten, eta hala egin zen. Bertzela, zenbat langile kutsatuko ziren enpresa horretan? Horregatik ulertezinak dira Ekonomia Garapeneko lehendakariorde Manu Ayerdiren adierazpenak, VW ixtearen kontrakoak. Aitzitik, goraipatzekoa da Osasun ministroak erranikoa: "ekonomia izateko, osasuna behar da lehendabizi".

Argi dago krisi honek bere ondorioak ekarriko dituela, hori ukaezina da. ELA ere kezkaturik dago â€'nola ez, badaâ€', eta ekonomia-jarduera lehenbailehen abiatzea nahi du. Baina ekonomia berriro abiatzea ezinezkoa dela baieztatzea gehiegi erratea da, ez baitute kontuan hartzen gainerako herrialdeetan ere itxialdi-neurriak hartu direla.

Dena dela, oraingo pandemia honek irakaspen ugari emanen digu. Batetik, egoera larri honek inoiz baino ageriagoan utzi du bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka, ekoizte-trantsizio sozial eta ekologikoaren beharra suspertuz. Eta bertzetik, politika neoliberalek zerbitzu publikoetan eragindako ondorioak ere begi bistan geratu dira. Osasunbidea adibide garbia da, orain ikusten ari gara zein garesti ordaintzen den zerbitzuak pribatizatzea, kontzertazioak ugaltzea, %40eko behin-behineko tasa edukitzea, edo OCDEn baino ohe-kopuruaren herena gutxiago edukitzea gure ospitaleetan. Orain harturiko eskarmentuak gure politika fiskala aldarazi beharko luke, Europako Batasunaren azken postuetan ez jarraitzeko.

Pandemia honen bukaeran lehengo krisiaren esku-liburu beraren jarraibideak aplikatzen saiatuko dira; orduan bezala bankuak erreskatatzeko, eta desberdintasuna areagotzeko. Horregatik ezinbertzekoa izanen da oraingo pandemiaren irakaspenak gogoan izatea, eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egitea, eta bizitza gure lehentasun guztietan lehena izatea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.