ARGIA.eus

2021eko urriaren 23a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2021-09-15 12:31
Mercedesek irailaren 21ean ekoizpenari berrekinen dio; hala iragarri du zuzendaritzak langileekin izandako batzarrean. Horrek, ordea, ez du langileen ziurgabetasuna baretuko: beharginak ikusle huts izatera behartuta daude, ondorio ekonomikoak pairatu arren. Eta, gainera, guztia enpresak etekinak pilatzen eta dibidendoak banatzen dituen bitartean. Izan ere, ELAk Mercedes-Benzen 2020ko kontuak analizatu ditu, eta egiaztatu du etekinen marka hausten ari dela. Zehatzago, 2020an emaitza 277 milioi euroren etekinak bildu ditu. Eta 2016tik hona 685 milioi izan dira.

Mercedes-Benzen sarrerak 2020an guztira 4.867 milioi euro izan ziren, hau da, aurreko urteetakoak baino kopuru zertxobait apalagoa. Alabaina, ekitaldi horretan alarma sanitario egoera tarteko zela, hori ez da harritzekoa. Edonola ere, ohiz kanpoko egoerak ere ez zuen ekidin enpresaren emaitza guztiak positiboak izatea.

Bestalde, aipagarria da ere langileko batez besteko etekinaren igoera. Aurreko urteekiko lantaldea txikiagoa izanik eta Aldi-baterako Enplegu Espedientea (ABEE) aplikatu zenez, pertsonako etekin garbia zeharo gehitu da: Langileko 54.500 euro. 2019ko kopuruaren bikoitza eta 2017ko etekina baino lau bider handiagoa.

ELAren iritziz datuok berriro frogatzen dute hitzarmenaren eta ABEEaren inguruko negoziazioetan esan izan duguna:

Batetik, ezin dugu onartu Mercedesek lan- eta soldata-baldintzei eraso egitea hitzarmen berriaren aitzakiarekin. Gaur aipatutako kopuruok argigarriak dira: Gasteizko lantegian etekina gero eta handiagoa da, baina gero eta gutxiago iristen da langileen poltsikora. Aberastasuna banatu egin behar da eta hitzarmena da horretarako tresna egokia.

Bestetik, ELAk esan zuen ABEE ezarri baino lehenago lantaldearentzat bazirela alternatibak. Nola liteke halako etekin handiak izan eta enpresak 5.000tik gora langile langabeziara bidaltzea? Gainera, Mercedesek Sozietateen Zergan %10,4 besterik ez du ordaintzen. Halako enpresa batek murrizketak ezartzea, irabaziak bikoizten ari denean, izugarrizko enpatia falta da, eta gutxietsi egiten ditu hala langileak, nola enpresa sostengatzen duten azpikontratak.

Hainbesteko sufrimendua izan den urtean bertan etekinak puztu eta dibidendoak banatu izana ez da oso jasangarria zuzenean eskubideak murrizten dizkigutela ikusten dugunontzat; horrek erne egotera bultzatu behar gaitu. Paradigma aldatu beharra dago legearen mugan jokatzera ohituta dagoen enpresa honetako negoziazio kolektiboari heltzeko moduan. Ezin da ulertu agintariek halako tolerantzia izatea hain zuzen buruaskia den enpresa erraldoi batekin.

ELAk erabaki irmoa hartu du: mobilizazioari eta borroka kolektiboari eutsiko diogu langileak indartu eta aberastasunaren banaketa justua, benetakoa izan dadin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.