2019-12-18 17:27
Osakidetzak sektore-mahaian iragarri du abenduaren 17an komunikabideen aurrean adierazi zuena: 3.233 plazako LEP bat. Bere esanetan 953 plaza berri sortzea barne hartuko du. Hala ere, azpimarratu behar dugu LEP horrek ez dituela aldi baterako lan-tasa handiak amaituko, eta ez duela lanpostu berri bakar bat sortuko, gaur egun daudenen aldean. Egun Osakidetzak 15.000 ebentual ditu, langilego osoaren %40a.

Gaur egun, Osakidetzak 37.000 langile inguru ditu, eta horietatik 15.000 baino gehiago aldi baterakoak dira, hau da, %40ko behin-behinekotasunaren tasa dago. Horrez gain, gaur egun, horietatik 26.540ak bakarrik aritzen dira Osakidetzako egiturazko plantillan formalki sortutako lanpostu batean; beraz, gainerako 10.000 langileek ezein lanposturekin lotu gabeko kontratu-moten bidez lan egiten dute. Baina horiek gabe ezinezkoa litzateke herritarrei gutxieneko osasun-zerbitzu egokia eskaintzea. Argi dago 10.000 langile horiek, beharrezkoak izateaz gain, gutxiegi ere badirela; zeren plantillak egunero jasaten dituen lan-kargak gero eta handiagoak baitira.

Hori horrela, Osakidetzak 3.233 plazako LEP iragarri du. Kopuru hori, zalantzarik gabe, ez da nahikoa aldi baterako 15.000 langilek egunero pairatzen duten behin-behinekotasuna eta prekarietatea gainditzeko. ELAk behin eta berriz eskatu du 10.000 plazako LEP baterako deialdia egitea.

Osakidetzak azpimarratu du, halaber, LEP horretan 953 plaza sortu berriak direla. Plaza horiei dagokienez, bi alderdi nabarmendu nahi ditu ELAk:

- Egiturazko plantillan formalki sortutako lanpostu bati lotu gabeko kontratua duten 10.000 pertsonetatik, 3.000 pertsona inguruk iruzurrezko kontratua dute, eta 3.000 plaza horiek formalki sortuz erregularizatu beharko litzateke orain arteko iruzurra. Aldi baterako kontratazioan egindako abusu eta iruzur hori Auzitegi Gorenak eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, besteak beste, emandako zenbait epaitan onartu da.

- Langileek egunero jasan behar dituzten lan-kargak ikusita, argi dago plantilla handiagoa behar dela, dagoena ez baita nahikoa arreta-beharrei aurre egiteko, eta kalitatezko zerbitzua emateko. Hain zuzen ere, lan-kargak izan dira Lehen Mailako Arretako hiru greba-egunetarako zergatietako bat. Horregatik, ELAn 5.000 egitura-plaza gehiago sortzeko beharra aldarrikatzen ari gara, zeren orain sortuko diren 953 plaza horiek guztiz eskasak izango baitira.

Horrez gain, LEP honek ez du lanpostu bakar bat gehiago sortuko; izan ere, 953 lanpostu horiek sortuz, Osakidetzak formalki sortuko ditu izatez badiren lanpostuak, eta gaur egun Osakidetzan diharduten langileek betetzen dituztenak. Hortaz, langile horiek inongo lanposturi lotu gabeko kontratua izatetik lanpostu jakin bati atxikitako kontratua izatera aldatuko dira.

Osakidetzak dioena ez bezala, oraingo legeriak gaur egun eskainitako plazak baino askoz gehiago eskaintzeko aukera ematen duela. Madrilek ezarritako mugak, berriro ere, enplegu publikoa prekarizatu eta suntsitzeko politikekin jarraitzeko aitzakia besterik ez dira.

Azkenik, Osakidetzak negoziazio-organoei eta kide garen langileen ordezkarioi egiten digun arbuioa salatu du ELAk. Gaur eman diguten informazioa atzo eman zieten hedabideei prentsaurrekoan, eta hedabideetatik heldu zitzaigun guri lehen aldiz. Gogoan izan behar dugu urrian Mahai Sektorialetik altxatu ginela, hain zuzen, edukirik ez izateagatik eta benetako negoziaziorik ez egiteagatik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.