2018-11-13 16:13
Darpon Sailburuak atzo Osasun Batzordean egindako agerraldian, enplegu publikoan aditua den katedradun baten baten txostena aurkeztu egin zuen, EPEan geratutako irregulartasun larriak alde batera utzi nahian.

Azkenaldian, badirudi Osakidetzak, bere EPEtan dituen arazo larri guztien konponbidea dela aditu ezberdinei txostenak eskatzea eta horien edukia publikoki azaltzea. Horrela egin zuen Osakidetzak EPEaren emaitzak aztertzeko enkargua egin zion estatistika adituarekin eta baita orain, atzo Darpón Sailburuak Osasun Batzordean azaldu egin zuen txostenarekin.

Baina horren atzean dagoen errealitate bakarra da Osakidetzak ez daukala borondaterik mediku espezialistak hautatzeko eta kontratatzeko sistema ustelarekin amaitzeko. Sistema hori Zerbitzu Buruen kontrolpean dago.

Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen EPE honetan gertatutakoa oso larria izan dela, baina hori hala izanda, Sailburuak filtrazioak eta irregulartasunak ukatzen jarraitzen du eta ez du erantzukizunik zehazten.

Itxurak gorde nahi izan dira, baina azken mugaraino inolaz ere iritsi gabe. Hala ere, salatu ditugun irregulartasunak izan, izan dira; ikusi besterik ez dago azterketa batzuk errepikatu beharra eta epaimahaikide batzuei irekitako espedientea.

Eta orain, gaia amaitutzat emateko nahian, aditu baten txostena aurkeztu du Sailburuak non etorkizunerako prozesuei begira hainbat gomendio jasotzen diren. Darponen esanetan, epaimahaiak zozketa bidez hautatzea edo hauen zenbakia murriztea proposatzen du txostenak. Zoritxarrez, halako prozedurek ez dute gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatuko mediku espezialistak hautatzeko sistema ustelarekin amaitzen ez den bitartean. Hori da guzti honen oinarrian dagoen arazoa.

ELAk hainbatetan salatu du EPE horretan gertaturikoa ez dela kasu bakana izan, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema horren gailurrean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoaz. Horiek kontrolatzen dute nor sartuko den lan egitera bere ardurapeko zerbitzura, lehenengo aldi baterako kontrataziopean, eta gero, behin EPEa gainditu ondoren, kontratazio finkoarekin. Bestela esateko, enplegu publikoaren gidari izan behar diren printzipioak alde batera utzi dira, nahita eta jakinaren gainean, zerbitzuaren beraren kalitatearen kaltetan, eta hori dena hautaketa-sistema ustel baten barruan.

Hau guztia, Fiskaltza eta Arartekoaren aurrean salatu egin genuen.

Zerbitzuburu horiek halako boterea mantentzen duten bitartean, ez da ezer aldatuko. Hain espezializatuta dauden kolektibo txikietan, atzean dagoen egoera zein den jakinda, nahiz eta epaimahaikide batzuk aldatu, egoera ez da aldatuko. Osakidetza eta Darpon Sailburua horren jakitun dira. Nahi duten gauza bakarra da zerbait aldatzea dana berdin mantendu dadin.

Bistan denez indarrean dagoen EPEen sistemak porrot egin du, ez baitu behar adinako bermerik ematen. Darponek adierazitako aldaketek ez dituzte berme horiek ematen, eta ez diote gaur egun indarrean dagoen sistemarekin amaitzen.

Horregatik, aldaketa sakonak egin behar dira, hautaketa-sistema ziurra eraikitzeko, oposiziogileen eskubideak gordetzeko, eta hautaketa guztiak enplegu publikoaren sarbiderako printzipio gidarien arabera egingo direla ziurtatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.