2019-09-16 12:38
ELAk deiturik Hezkuntza Publikoko irakasleek kontzentrazioa egin dute Lakuan Ordezkagune EAEko irakaskuntza publikoko esleipen sistemaren kudeaketa txarra salatzeko. Era berean,irakasleopk bizi duten prekaritatearekin eta %40ko behin behinekotasunarekin amaitzea eskatu du sindikatuak. "Maiatzean bezala, orain ere irakasle askoren kexak jasotzen ari gara, Ordezkagune sistemak dituen arazo asko inprobisazioaren ondorioa dira".

2019/20 Ikasturtea ere hitz politez ahoa bete-bete hasi du Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriartek. Propaganda guzti hau irentsita edonork pentsa lezake Hezkuntza Publikoa sasoi betean dagoela. Zoritxarrez, ikasturte amaieran Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larria salatu bagenuen, ikasturtea hasi berri den honetan egoerak okerrera egin duela salatu beste erremediorik ez zaigu geratzen.

Horren adibide garbia da irakasleen artean behin-behinekotasun maila onartezina den %40koa izatera iritsi izana. 10 irakasletik 4 behin behinekoak dira egun. Jaurlaritzak urte luzeetan irakasleak modu prekarioan (behin-behinekotasun egoeran, EPE dinamika perbertso batetan, Euskal Herriko punta batetik bestera bueltaka...) bere beharrak betetzeko erabili ostean, langile hauek kontsolidatzetik eta behin-behinekotasuna %6ra jaistetik urrun dauden prekarietatea kudeatzen jarraitzeko neurri injustu eta txapuzeroak besterik ez ditu jarri mahai gainean, izugarrizko arriskuak dituen sasi-egonkortasun proposamena edota izugarrizko arazoak ematen ari den “ordezkagune” aplikazioa kasu.

Aurreko ikasturtean esaten genuen, aurrera eraman genituen mobilizazio jendetsuen ondoren, grebara eraman gintuzten arazo eta aldarrikapenei erantzuten ez zien eta Hezkuntza Sailak STEILAS, LAB, CCOO eta UGTrekin sinatu zuten akordioak jasotzen eta zehazten zuen neurri bakarra ordezkapenak lehen egunetik egitea zela. Baina puntu hau ere ez dute bete eta gainera izugarrizko arazoak sortzen ari den “ordezkagune” sistema telematikoa jarri dute martxan inolako negoziazio edota azalpenik eman gabe. Orduan kontziente ginen fondoko arazoak konpondu gabe, hau da, greba eta mobilizazioetan aldarrikatzen genuen moduan behin-behinekotasuna %6ra jaitsi arte, ezinezkoa izango zela irakasleek bizi duten prekaritatearekin amaitzea alde batetik, eta kudeaketa egoki bat egitea bestetik.

Irailaren 10ean Hezkuntza Sailak irakasleen ordezkapenak kudeatzeko sistema berria jarri zuen martxan. Lehenik eta behin salatu nahi dugu sistema hori Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki eta antolatu duela, ELAri inolako informaziorik eman gabe eta gure parte hartzea bermatu gabe. 2019Ko maiatzean, lehenengo frogak hasiko zirela jakin genuenean, urgentziazko bilera eskatu genuen, aplikazio berriaren edukia ezagutzeko behintzat. Izan ere, sistema honen inguruan ELA ez dagoen akordioaren jarraipen batzordean ari ziren negoziatzen. Ondoren, behin eta berriz, aplikazioa ikuskatzeko aukera izatea eskatu dugu, eta erantzun orain arte ezetza izan da. Maiatzean bezala, orain ere irakasle askoren kexak jasotzen ari gara, Ordezkaguneak eman dituen eta ematen ari den arazoen aurrean. Berriz ere, salatu nahi dugu Hezkuntza Sailaren gardentasun falta, eta sistema berri hauek aurrera eramaten dituela aldez aurretik behar duten hausnarketa denbora eta prestaketa eskaini gabe, sortu diren arazo asko inprobisazioaren ondorioa baitira.

ELA sindikatutik argi daukagu greba eta mobilizazio indartsu bidez soilik dela posible Hezkuntza Publikoak bizi duen egoera larri eta jasangaitz honi eta bertako langileen prekaritateari buelta ematea. Hezkuntza Sailak ikasturteari murrizketa eta prekaritate gehiagorekin eman dio hasiera, eta ELAtik langileak antolatu eta sektore ezberdinetan greba eta mobilizatzioak sustatzen emango diogu. Horregatik, Hezkuntza Publikoko langile guztiei borroka honetara batzeko deia egiten diegu Hezkuntza Publikoaren alde eta prekaritate, murrizketa, diskriminazio eta pribatizazioaren aurka.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.