2018-12-17 15:13
ELAko Nazio Batzordeak Mitxel Lakuntza proposatuko du Txiki Muñoz ordezkatzeko, eta idazkari nagusi berria izendatzeko. Gogoratuko denez, Txiki Muñozek bere agintaldia 2019an bukatu behar duela adina kontuagatik, sindikatuaren araudiari jarraituz. Gauzak horrela, Nazio Batzordeari (Batzorde Eragilea, eskualdeetako eta federazioetako arduradunak batzen dituen organoa) proposamena egitea dagokio, eta Mitxel Lakuntza da.

Dena den, erabakia hartuko da ohiz kanpoko kongresu batean, eta horretarako deia aste honetan egingo da, Nazio Kontseiluaren bidez (kongresuen arteko sindikatuaren organorik gorena). Deialdia onartzen bada, hitzordua Donostiako Kursaalen izango da, 2019ko apirilaren 5ean. Bertan bozkatuko da Batzorde Eragilea berritzeko proposamen osoa: 12 lagunen organoa izanik eta Txiki Muñozek kargu guztiak utziko dituenez, beste kide bat sartu behar da bere ordez, eta Nazio Batzordeak Maialen Aramburu proposatzen du.

Gauzak horrela, Donostian Batzorde Eragile osoa bozkatuko da, idazkari nagusi berria barne: Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa (idazkari nagusi albokoa), Amaia Aierbe, Xabi Anza, Maialaen Aramburu, Iván Giménez, Laura González de Txabarri, Peio Igeregi, Mikel Noval, Leire Txakartegi, Eustakio Uranga eta Joseba Villarreal.

Mitxel Lakuntza Vicario (Iruñea, 1976), gaur egungo ELA-Nafarroako koordinatzailea da (2004an hartu zuen ardura, Jose Mari Otaegi ordezkatuz) eta Batzorde Eragilearen kidea. Elektronika-teknikaria da, eta ELAko afiliatua da 1999tik, Gamesako langilea zenean. Enpresa horretan delegatua izan zen, eta sindikatuaren egituran 2001an sartu zen, Hainbat federazioaren arduradun bezala.

Bestetik, Maialen Aramburu Zinkunegi (Lasarte-Oria, 1985) Batzordea Eragilean sartuko da, Ekintza Sozialaren ardura hartzeko. Aramburu Jendarte eta Kultur Antropologian lizentziatua eta Gizarte Langintzan diplomatua da, eta Ikasketa feministak eta generokoak masterra dauka. ELAko egituran 2016ean sartu zen, eta postu ezberdinetan egon da: Donostiako eskualdeko eta Irakaskuntzako arduraduna izan da, besteak beste.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.