ARGIA.eus

2019ko martxoaren 19a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-03-12 12:02
41 egunez greban egon ondoren, %10etik goitiko soldata-igoerak , 24 orduko lanaldi-murrizketa eta lan-erreforma indargabetzea lortu dituzte. Langileen antolamendua eta kemena izan dira garaipenaren gakoa.

Gaur, 2019ko martxoaren 12, akordioa lortu dute Navarpluman, 41 eguneko greba egin eta gero. Akordio hori enpresa-hitzarmen batean jasoko da, eta hurrengo eduki hauek izanen ditu:

  • Indarraldia: 2019-2020.
  • Azken lan-erreformen alderdirik atzerakoienak kendu dira. Eta haien ordez ultraaktibitate mugagabea eta borondatezko arbitrajea sartu dira, eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren malgutasunaren aplikagarritasuna eragotzi.

  • Soldata-igoerak %10etik goitikoak izanen dira. 2019rako, soldata-taula berriak ezarri dira, eta horri gehitu behar zaio antzinatasuna, orain arte jaso ez dena, eta gaueko plusaren igoera. Orobat, 2020. urterako, soldata-igoera hau izanen da: lehengo urteko KPI gehi puntu bat, %3ko mugarekin, KPIk portzentaje hori gainditzen ez badu, bederen.

  • 24 orduko lanaldi-murrizketa. Eta hitzarmena sinatzen denetik aitzin ez da lanik eginen igandeetan.

  • Enpresak urteko lan-egutegia eta laneko txandak egin beharko du.

Navarpluma enpresa Aratzuri-Orkoiengo industrialde batean dago, eta ahate-luma eraldatzen aritzen da. Martikoren partaidetza du, eta plantillan 38 langile ditu. Lan-baldintzak oso prekarioak ziren: oso soldata apalak, lanaldiak astelehenetik igandera, egutegirik gabe, txandak bat-batean aldatu... 2018ko apirilean, eta enpresak jarritako eragozpenen gainetik, ELAk hiru ordezkari lortu zituen hauteskunde sindikaletan, eta kidegoa antolatzeari ekin zion, bertako enpresa-hitzarmen bat negoziatzeari begira. Baina enpresak negoziatzeari uko egin zionez, langileek greba mugagaberako deialdia egin zuten otsailaren 1ean, eta handik 41 egunera helburu nagusiak lortu dira.

Oroitu beharrekoa da etekinak sortzen dituen enpresa dela Navarpluma, lehendabiziko enpresa-hitzarmena baino lehenagoko pertsonal-kostuak oso txikiak zirela, eta finantzaketa publikoa jasotzen duela, CENen eta Sodenaren arteko lankidetza-itunaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren kontura.

Tamalez Navarplumako lan-baldintza prekario horiek ez dira salbuespenezkoak Nafarroako industrian. Horregatik, Navarplumako langileek egindako borroka eredugarria izan da; izan ere, langile-kidego batek, antolamendu bidez eta helburu amankomun baten lelopean, bere lan-baldintzak duintzea lortu du. Baina, 41 greba-egunen ondotik garaipen hori izateko, erabakigarria izan da ELA sindikatuaren Erresistentzia Kutxa.

Azkenik, ELAk zorionak ematen dizkie Navarplumako grebalariei, erakutsitako kemena eta ausardiagatik. Lehendabiziko enpresa-hitzarmena lorpen handi bat izan da, baina gerora begira oso garrantzitsua izanen da plantillaren batasunari eustea, lan-baldintzak hobetzeko bidetik jarraiki ahal izateko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.