2019-12-20 11:47
PSNk, Geroa Baik eta Navarra Sumak benetako hirukoa osatzen dute errenta handiei zergak murrizteko, EH Bildu eta Podemos eraginkortasunik gabe eta epeltasunez agertzen diren bitartean. Nafarroako Parlamentuak zerga sistema erabat neoliberala iraunarazten duen zerga erreforma onartu du. Nafarroako zerga-sistemak lan errentei bilketaren pisua kargatzen die, enpresek gero eta ekarpen txikiagoa egiten duten bitartean (2000tik 2018ra PFEZ %29,7tik %39ra pasatu da, eta Sozietateen gaineko Zerga %13,4tik %5,6ra). Enpresen ondareei zerga kentzea patronalaren aspaldiko eskaera da, eta enpresei zergak are gehiago jaistea suposatzen du. Hau guztiz onartezina da Nafarroa denean Estatu osoan Sozietateen gaineko Zerga gutxien biltzen den lurraldea (Espainiako Estatuan BPGaren %2,4 biltzen da zerga horrengatik, eta Nafarroan, aldiz, erdia).

Horregatik, ELAk PSN, Geroa Bai eta Nafarroa Suma kritikatzen ditu, euren aldeko botoarekin edo abstentzioarekin enpresen ondareei ezarritako zerga ezabatu delako. Era berean, ELAk Podemosen inkoherentzia salatzen du, zerga hori kentzea sustatu duen gobernuko kide den bitartean legearen aurka bozkatzeagatik, bere botoa erabakigarria ez dela dakielako, alegia. Bestalde, joan den astean Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk lortutako akordio fiskala deitoratzen du ELAk.

EH Bilduk Gobernuarekin bi lege fiskal onartzea bermatu duen akordioa egin zuen Gobernuak fiskalitateari buruzko 6 azterlan egiteko konpromisoaren truke, enpresa ondareari ezarritako zerga kentzeko legea atzera botatzera baldintzatu beharrean. Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko fiskalitateari buruzko akordio hau oso aurrekari txarra da Nafarroako aurrekontuak negoziatzeko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak austeritate-politika betetzeko duen konpromisoak (gastu-araua, defizit-muga, superabita zorra amortizatzera bideratzea gizarte-premietara bideratu ordez...) eta zerga-erreforma garrantzitsu bat egiteari uko egiteak (Europar Batasuneko bataz-beteko presio fiskal bera izango bagenu Nafarroan urtero 1.675 milioi euro gehiago bilduko lirateke) aurrekontuen edukia erabat baldintzatzen du, ezbairik gabe neoliberalak izango diren aurrekontuena.

ELAk kezka agertu nahi du Parlamentuan oposizioa egingo duen ezker instituzionalik ez dagoelako, aurrekontu politikaren eta zerga-sistemaren eraldaketa erradikala defendatzen dugun indar sindikalekin eta sozialekin bat egingo duena.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.