2019-06-24 12:05
ELAk grebara deitu du ekainaren 24tik goiti Felix Garrido (Egues), Queiles (Tutera) eta Ordoitz (Lizarra) zentroetan, zeinetan ordezkaritza sindikala ELArena den. Langileek enpresaren soldata-jaitsiera salatzen dute, eta itzulketa eskatzen. Hiru zentroetan diharduten 50 langileetako gehienak daude jaitsieraren eraginpean.

2019ko maiatzaren 28an ordezkari sindikalek Avanvida enpresaren jakinarazpen bat jaso zuten. Horren bidez jakitera eman zieten "gaitasun-osagarri" delakoa gehiago ez ordaintzeko erabakia hartua zutela, alde bakarretik eta arrazoirik gabe. Osagarri hori langileen antzinatasunaren eta esperientziaren ordez abonatzen zen. Horren ondorioz langileek 100 eta 300 euro bitartean gutxiago jasoko dute hilero beren nominetan.

Soldata-murrizketa horrez gain, enpresak erreklamatu die langileei 2018ko abendutik osagarri horregatik jasotakoa itzultzeko, data hartan hasi baitziren osagarria jasotzen.

Zentro horietan arreta, errehabilitazio psikosoziala, arreta iraunkor anbulatorioa eta eguneko arreta-zerbitzua eskaintzen zaizkie nahasmendu mental larria duten pertsonei, gizartean modu normalean bizi izateko trebetasunak ikas edo berreskura ditzaten. Avanvida enpresak kudeatzen ditu zentro horiek, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politiken Departamentuarekin sinaturiko itun baten bidez. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuari bitartekaritza-lana egiteko eskatzen diogu, gatazka lehenbailehen onbideratzeko, eta zerbitzuaren kalitatean kalterik ez izateko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.