2020-11-18 12:23
ELAk dio Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak pentsioen eta beste gairen inguruko itxaropen faltsuak sortzen ditu: azterlanak baino ez dira aipatzen, baina benetako neurririk ez

ELAk 2021eko Nafarroako Aurrekontuen proiektuari buruzko urteko txostena aurkeztu du, eta bertan egiaztatzen da Nafarroako Gobernuak eta hura babesten duten alderdiek (PSN, Geroa Bai, Podemos) edo Parlamentuan aldeko botoa emango dutenek (Eh Bildu, I-E) uko egin diotela fiskalitate bidegabea erreformatzeari, eta horrek, ezinbestean, murrizketa eta pobrezia gehiago ekarriko dituela.

Hasteko, Chiviteren Gobernuak Estatuarekin hitzartu zuen defizitaren %2,2ko erreferentzia-tasa 2021erako, eta akordio guztiz ulertezina izan zen handik egun batzuetara Pedro Sanchezen Gobernuak 2020rako eta 2021erako zerga-arauak bertan behera utzi zituela iragarri zuenean, Europar Batasun osorako erabaki den bezala.

Erabaki horrek autogobernuari erabat uko egitea dakar. Nafarroako Gobernuak aurrekontuen politika Madrilen erabakitzea hautatu du, eta ez Nafarroan.

Gainera, ELAren ustez, EH Bildurekin lortutako akordioak itxaropen faltsuak sortzen ditu oso sentikorrak diren gaietan. Hiru azterlan egiteko konpromisoa jasotzen du (sozietateen gaineko zergari buruzkoa, fiskalitate berdeari buruzkoa eta pentsioak 1.080 eurora arte osatzeari buruzkoa), baina benetako neurririk gauzatu gabe. ELA ez dator bat zerga- edo aurrekontu-arloan inolako konpromisorik ez dakarten adierazpen zehaztugabeei balio politikoa ematearekin.

Bestalde, akordio horrek 1.925.000 euro bideratzen ditu EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa partzialak finantzatzera (iazko akordioan formula bera erabili zen, baina 11.745.000 euroko zenbatekoarekin), eta aurreko Gobernu saioetan onartutako neurriak jasotzen dira. Nolanahi ere, EH Bilduren esku uzteak 4.870 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu baten 2 milioi euro baino gutxiagoko zuzenketak eta partidak, agerian uzten du indar horren babesak ez duela zuzenketarik ekarri aurrekontuaren orientazioan (aurrekontuan sartutako guztizkoaren %0,0004 da), eta ez duela proiektu antisozial bat nabarmen hobea bihurtzen.

Irakurri dokumentu osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.