ARGIA.eus

2019ko apirilaren 24a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-07 13:21
Aurreko astean CEBEKek ateak itxi zizkion negoziazioari. Bizkaiko Bulegoetako hitzarmen probintzialera ekarri nahi du estatuko hitzarmenen miseria eta prekarietatea. Horren berri izan dugunean, gainontzeko sindikatuei azaldu diegu beharrezkoa dela denok batu eta greba mugagabeari ekitea.

Abenduaren 12an ELAk greba mugagabea deitu zuen Bizkaiko Bulegoetan. Izan ere, sei urte dira jada hitzarmen probintzialik gabe eta bi urte langileak mobilizazio eta greba zehatzak egiten hasi zirenetik. Bada, gauzak horrela ere, CEBEK, Bizkaiko patronalak, murrizketak proposatzen jarraitzen zuen hitzarmena negoziatzeko baldintza bezala. Sindikatu guztiok ados ginen egoera larria zela; greba mugagabea egiteko urratsa, ordea, ELAk bakarrik egin du.

Lehenik eta behin, esan beharra dago sektore honetan ez dela izan, orain arte, kultura sindikalik; hortaz, harro esan dezakegu berau pizteko gai izan garela. Egun, langileak ahaldunduta daude, jakin badakitelako borroka dela lan baldintzak hobetzeko bide bakarra. Arrazoia nahikoa da hori greba egiteko.

Bigarrenik, azpimarratzekoa da azpikontratatutako langileak dituzten enpresa handietan grebak izan duen inpaktua. Batez ere informatikarien greba dela eta, enpresa handi hauetan sortu diren funtzionamendu arazoek argi erakusten dute zer den gaur egun sektore hau: azpikontrata handia.

Hirugarrenik, sektore ikusezina izateari utzi diogu: kontzentrazioei esker, manifestazioei esker, finean, gatazkaren sozializazioari esker lortu dugu. Orain gizarteak badu gure sektorearen eta honen egoeraren berri.

Aurreko astean CEBEKek ateak itxi zizkion negoziazioari. Bizkaiko Bulegoetako hitzarmen probintzialera ekarri nahi du estatuko hitzarmenen miseria eta prekarietatea. Horren berri izan dugunean, gainontzeko sindikatuei azaldu diegu beharrezkoa dela denok batu eta greba mugagabeari ekitea.

Patronalaren jarreraren aurrean ezinbestekoa da urrats gehiago ematea. Baldintzak sortu daitezen, orain arte ELAk bakarrik egindako greba fase honi amaiera ematea erabaki dugu. Espero dezagun gainontzeko sindikatuek keinu hau baloratu eta CEBEKi aurre egiteko prest agertzea.

2019. urtea mugimendu handikoa izango da sektorean. ELAk ez du etsiko. Gaur, momentuz, greba mugagabeari amaiera emango diogu. Sindikatuen erantzunaren zain, borroka modu batera edo bestera planteatuko dugu. CEBEKek estatuko hitzarmena ekarri nahi badu probintzia hitzarmenera, guk probintziala blindatuko dugu negoziazio esparru berrietan, enpresakoak izan edo azpisektorialak izan. Gauza bat argi dago: konfrontazioa handitu behar da lan baldintza duinak eskuratu nahi baditugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.