2025-09-04 15:36
ELA ez dator bat hainbat adierazpenekin, esaterako, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan duenarekin; honen arabera, atzoko mobilizazioek "kalte egiten diote Euskal Herriaren irudiari'. Aitzitik, sindikatuak uste du genozidioaren aurkako borrokan garaipen bat izan direla.

ELAren iritziz, azken egunetan Espainiako Vueltaren inguruan izan diren protesta ekitaldiek agerian utzi dute zenbateko garrantzia duen jendartearen mobilizazioak, baita desobedientzia zibilak ere, giza-eskubideen aldeko borrokarako eta Israelen moduko estatu genozidei babesa ematen dieten ekinaldiak salatzeko.

“Txirrindulari talde baten bitartez politika genozida horri babesa ematea eta hura normalizatzea gizabidearen kontrako ekintza lotsagarria da; eginbehar zibikoa da hari erantzutea eta haren kontra mobilizatzea”, esan du sindikatuak.

Hain zuzen, Gazan gertatzen ari dena hain larria izanik, ELAk ezinbesteko jotzen du mobilizazioari eustea eta presio soziala areagotzea estatu genozidarekiko merkataritza eta harreman ekonomikoak eteteko.

Bestalde, ELA ez dator bat atzoko mobilizazioen inguruan egin den hainbat adierazpenekin, esaterako, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan duenarekin; honen arabera, atzoko mobilizazioek "kalte egiten diote Euskal Herriaren irudiari”.

Aitzitik, sindikatuak uste du mobilizazio hauei esker, azken urteetako beste hainbat ekintzarekin batera, palestinar herriak pairatzen duen ankerkeriaren aurrean Euskal Herria elkartasun eta konpromisoaren erreferentzia bilakatu dela.

Erreferentzia hau bereziki baliotsua da, batez ere uneotan, izan ere Europar Batzordea eta E.B.ko herrialde asko Israelgo gobernu sionistarekiko konplizitate nabarmena agertzen ari baitira.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.