2020-01-03 13:40
ELAko idazkari nagusiak iritzia eman du espainiar Gobernua osatzeko akordioei buruz. Lakuntzak esan duenez, “egia da hobekuntza batzuk aipatzen direla, esaterako pentsioen eros-ahalmena atzera bermatzea edota lan hitzarmenen ultraaktibitatea, baina duela urtebete ere neurri horiek adostu arren ez ziren gauzatu. Testua ez da argia. Mobilizazioa ezinbestekoa da aurrera egiteko; U30eko greba orokorra izango da horretarako aukera bat”.

Sindikatuko buruaren ustez, “lan eta pentsioen erreformak indargabetuko dituztela iragarriagatik, PSOEk eta UPk sinatu dituzten akordioetan, edota PSOEk EAJrekin itxitakoan, ez da halakorik ageri”.

Gainera, Lakuntzak nabarmendu du akordioak ez direla “bat ere argiak; horregatik, ikusi behar da benetan nola gauzatuko diren. Edonola ere, egoera ez da zain egoteko modukoa; hori izan liteke egin genezakeen okerrena”. Akordioek ez diete erantzunik ematen greba orokorrerako plazaratu den Aldarri Taulako puntu gehienei. ELAko idazkari nagusiak ohartarazi du negoziazio kolektiborako eskubidea EAEn eta Nafarroan kaltetzen ari direla. “Akordioetan ez da aipatzen, ez eta modu lausoan ere, egungo negoziazio kolektiboko egitura bertan behera uzteko asmorik, non estatu mailako hiatzrmenak lurraldeetakoei gailentzen zaizkien. Areago, testuaren arabera negoziazio kolektiboaren estatalizazioa handiagoa ere izan liteke”, esan du Lakuntzak.

Pedro Sanchezek gobernu berri bat osatzen badu, ELAk dei egiten die alderdi politiko progresista eta abertzaleei defenda dezaten zinezko agenda sozial bat, neurri konkretuak eta aplikatzeko bermeak barne. “Esaterako, lan erreformaren inguruko eztabaidaren emaitza ez dadin izan testu bat non galarazi egiten den Hego Euskal herriko eragile sozial nagusien artean lan baldintzak negoziatzeko eta estatuko hitzarmenetan jasotako lan baldintza kaskarrak hobetzeko aukera. Hau da demokraziaren alde eta prekaritatea borrokatzeko eskatzen diegun konpromisoa”.

Lakuntzaren ustez, “benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa, pentsiodunen mugimenduak azken aldian erakutsi digun bezala; hor dugu ere urtarrilaren 30eko greba orokorra. Gero eta nabariagoa da mobilizazioa dela bide bakarra eskubide laboral eta sozialetan aurrera egiteko”. Eta honela amaitu du: “Zorrotzak izan behar dugu, egoera aztertu, ezin baitugu erori jendartea desmobilizatu nahi dutenen tranpan; hauentzat lagungarri gertatzen dira ere eskuineko eta hedabide ultretako diskurtso apokaliptikoak. Kalera ateratzeko unea da, gure eskubideak aldarrikatzeko unea; urtarrilaren 30a horretarako aukera ezin egokiagoa izango da.”

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.