2020-12-13 13:05
ELAko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntzak, parte hartu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako mobilizazioetan. Sindikatuko idazkari nagusia Bilbon egin den manifestazioan izan da, eta amaierako ekitaldian parte hartu du. Hona hemen bere parte hartzea:

"Beste irteera bat exigitzera gatoz"

Beste irteera bat, ahalik eta bizi gehien salbatzeko.

Beste irteera bat, ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko.

Irteera horren giltzarria aurrekontuetan aurkitu beharko genuke.

Hor dago Gobernu batek halako egoera bat iraultzeko duen tresnarik garranzitsuena.

Aurrekontuak ez ditugu oraindik ezagutzen, asteartean aurkeztuko dira, baina Eusko Jaurlaritzatik argi utzi dute ez dela aldakateta nabarmenik izango.

Kontinuistak izango direla esan digute; gastua ez dela asko igoko eta, batez ere, aldaketa fiskalik ez dela egingo.

Alegia, aurrekontuak pandemia baten erdian egongo ez bagina bezala egingo dituztela. Inbertsio publiko eta baliabide gehiago beharko ez balira bezala.

EZ GAUDE ADOS

Ezin dugu ados egon: pandemia hasi zenetik hamar hilabete pasa direnean oraindik ez dira ondorio batzuk atera. Pandemiaren ondorio latzena, tragedia, gure herrian hil diren 3.000tik gora pertsonak dira.

  • Ez gatoz bat Eusko Jaurlaritzak ematen dituen mezuekin. Ezin da onartu Bingen Zupiria bozeramaileak esatea birusarekin bizi beharra dagoela.
  • Zer eratako mezua da hori? Etsipenaren mezua. Guk beste zerbait entzun nahiko genuke: Ahal den guztia egingo dela birusa akabatzeko.
  • Eztabaida faltsu batean kateatu nahi gaituzte: osasuna eta ekonomia konbinatzeko ahalegina. Honez gero, ordea, jakin beharko lukete BIRUSA KONTROLATU EZEAN EKONOMIA EZ DELA KONTROLATZEN.

EZ DUGU ONARTZEN ERE errealitatetik kanpo dauden aurrekontuak proposatzea. Izan ere, ez dituzte zerbitzu publikoak indartuko, ez dira baliagarriak izango pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko edota eredu produktibo jasangarriago baterantz aurrera egiteko ere.

Aurrekontu hauek ERREALITATETIK KANPO DAUDE.

  • Ez dute indartuko osasun sistema, ezta zahar-etxeen eredua ere; ikasgeletako ratioak jaisteko ere ez dute balio…
  • Duela hilabete batzuk gobernu horrek berak zioen sektoreok oinarrizkoak direla; orain erabili eta botatzeko modukoak balira bezala jokatzen du.
  • Zoritxarrez, sentipen hori dute azken hiletan greba edo mobilizazioetan dabiltzan sektoreetako langile askok eta askok. Kalean protesta egiten dutenen artean gehienak emakumeak dira, gainera.
  • Osakidetzako sanitarioek esaten dute, lehen arretan eta beste arloetan muturreko egoeran daudela, “aski da; baliabide gehiago behar ditugu. Ezin dugu jarraitu ezer gertatuko ez balitz bezala”.
  • Hezkuntzan ere asper-asper eginda daude: planifikaziorik eza eta baliabide eskasia osatzeko ikastetxeetako langile eta zuzendaritza taldeek konpromisoa erakutsi eta lanaren gainkargari aurre egin behar izan diote.
  • Zaintza sektoreko profesionalak ere antzera daude. Aldatu beharra dago zaintza eredu hau, bere oinarrian baitaude lan baldintza kaskarrak, soldata desberdintasuna eta diru publikoari esker pilatzen den enpresa pribatuen etekina. Diru publikoarekin ez da prekarietaterik sustatu behar.

Gure gobernuei ahaztu bazaie ere, langileok funtsezkoak ziren, dira eta izango dira. Izan ere, zaintzea, jaten ematea edo hezitzea -gutxienez guk nahi dugun jendarte ereduan- ordezkatu ezineko lanak baitira: BETI FUNTSEZKO.

Ezin da ulertu hainbat hiletan pandemia jasan ondoren utzi dituen ikasgaiak aintzat hartu ez izana.

AURREKONTUAK ERREALITATETIK KANPO DAUDE; KRISIAREN ONDORIO SOZIAL ETA EKONOMIKORIK EZ DUTE KONTUTAN IZAN

Gaur jende asko dago Alemaniara begira, han kalterik handiena pairatu duten pertsona eta sektoreei ematen zaien laguntzengatik: Barne produktuaren %7. Hemengoak ez dauka horrekin zerikusirik.
Europako azken postuetan gaude ematen diren zuzeneko laguntzetan. Hemengo estrategia da krisia pasatzea ahal den gutxien gastatuz.

Ostalaritzari emandako laguntzetan horixe ari gara ikusten: Ahal bezain gutxi banatu dira, eta presio sozialaren ondorioz, ez beren borondatez.

EREDU PRODUKTIBOAREN ALDAKETARI AURRE HARTU.

Enplegua salbatu behar da. Gaurkoa eta biharkoa. Zer produzituko du herri honek datozen hamarkadetan? Etorkizunera iristeko trantsizio bat egin behar da eredu jasangarriago eta sozialago baterantz. Gobernu honek, ordea, ez dauka planik; horregatik defenditzen du diesela. Iraganera begira dago, ez etorkizunera.

Europako funtsen zain daude; hori da apustu bakarra. Baina batetik, inork ez daki funts horiek noiz iritsiko diren, eta bestetik, argi geratu da zertarako ez diren izango (osasungintza, hezkuntza, zaintza…); gainera, diru hori jasotzeko lan eskubideen eta pentsioen murrizketak eskatzen dituzte. Funts hauekin lotuta doaz murrizketak. Horregatik, ez dute TROIKA bidali beharrik; orain funtsak emateko xantaia egiten dute: Funtsak murrizketen truke.

Honi Lehendakariak “auzolana” esaten dio. Baina auzolana ote da zerbitzu publikoak ez indartzea, krisia pairatzen ari direnei laguntzak tantaka ematea edota enpresei eta gehien dutenei ahalegin bat ez eskatzea?

ERREFORMA FISKALAREN TABUA

Gobernuarentzat eztabaida bat ia tabu bat da, baina behin eta berriz puntu berera iristen gara: Gure gobernuek ez dute zerga-erreformarik egin nahi. Presio fiskalari dagokionez, EAEren eta Europar Batasunaren artean 8 puntuko aldea dago; hemen %32, Europan batez beste %40. Hau da, presio fiskala Europako batez besteko mailarekin parekatuz gero 6.000 milioi gehiago bilduko lirateke zergatan. Hori dago gure zerbitzu publikoen ahuleziaren eta laguntza kaskarren atzean. Gaur gurean indar politiko gehienak bat datoz (hala islatzen dute aurrekontuen inguruko akordioek): gehien daukatenak ez dira zirikatu behar.

Nafarroan ikusi dugu dagoeneko: aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa itxi da; eta kontuak EAEkoen antzekoak izango dira. Sinatzaileak, Nafarroako Gobernua, PSN, Gbai, Podemos eta EH Bildu, azken hau kanpotik. Emaitza: Aurrekontua %1,9 besterik ez da igoko eta baztertu egin dute zerga-erreformaren aukera.

Aurrekontu horrek ez ditu aintzat hartzen dauden beharrizan sozialak, eta diru gehiago biltzeko zerga-erreformarik ez da egingo. Gure iritziz ezkerreko indar guztiek eztabaida honi lehentasuna eman behar diote: Indar bat politikaren zein aldetan dagoen erabakitzeko erabakigarria da aberastasuna nola banatzen den eta zein behar sozialera bideratzen den.

BADA BESTE IRTENBIDE BAT; POSIBLE DA BESTE IRTEERA BAT

Premiazkoa da, areago bizi dugun egoera honetan, bestelako irteera bat saiatzea; alde batera utzi behar da gure gobernuen inertzia politiko arriskutsu hori, krisia gainditu nahi baitute baliabide gehiago jarri gabe. Horrela, aurrekontuak irtenbidea baino areago arrisku publikoa izan daitezke. Aurrekontu hauek ez ditugu nahi. Argi dago krisi hirukoitz honi, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari, beste irteera bat eman behar zaiola.

Azken hiletan erabaki erradikalak hartu izan dira (mundu mailan hegazkinak gelditu egin dira; konfinamendu orokorra ezarri da; mugak itxi dituzte…); beraz, ez da sinesgarria esatea ezin dela beste aurrekonturik egin, edo bestelako fiskalitatea aplikatzea ezinezkoa dela. Horretarako arrazoi bakarra dago: ez dago borondate politikorik.

Ez gaude ados, eta bultzatzen jarraituko dugu beste irteera bat aurkitzeko. Hori izango da mobilizazio eta greba bakoitzaren atzean egongo dena. Jendea nazkatuta dago, eta ez du ulertzen gertatzen dena; birusari lehen lerroan aurre egiten dutenei ere erakundeek ez diete ematen zor zaien tratua. Alegia, krisiak kolpatu gaituenok ideia bat plazaratu nahi dugu: bada beste irteera bat.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.