2020-11-17 12:18
Milaka langilek parte hartu dute Hego Euskal Herri osoko zaintza profesionalen sektoreetan deitutako greba dela eta deitutako manifestazio eta protesta ekitaldietan. Gainera, pertsona eta kolektibo ugarik bat egin dute mobilizazioekin. ELAk Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak salatu ditu; horrek greba eskubidea galarazi die langile askori.

Lantokietan, lehen orduan, elkarretaratzeak egin dira gehiegizko zerbitzu minimoak salatzeko eta grebarako eskubidea urratu dieten langileei elkartasuna adierazteko; ondoren hainbat elkarretaratze eta manifestazio egin dira Hego Euskal Herri osoan.

Ekitaldi jendetsuenak Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon izan dira. Azken ekitaldi honetan Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak parte hartu du. Mobilizazioek babes zabala jaso dute: senideen hainbat elkarte â€'Babestu edo Gipuzkoako Senideak, besteak besteâ€'; pentsiodunen plataforma ezberdinak; kolektibo feministak; Irauli Zaintza...

Protesta-ekitaldi hauetan hiru Foru-Aldundiei, Udalei eta Gasteizko eta Iruñeko Gobernuei eskatu zaie negozioan eta ez pertsonetan oinarritzen den egungo eredua guztiz aldatzea. Hau da, behingoz beraiek defendatzen duten sistema bertan bera geratzea. Beraiek ondo dakiten bezala, eurek defendatzen duten ereduak ez ditu bermatzen bizi baldintza duinak, ez langileentzako ez erabiltzaileentzako. Covid-19ak eragindako ehunka hildakoak eta milaka langile kutsatuak horren adibide argia dira.

Lankidetza publiko-pribatuaren gezur handi horren atzean, zera dagoela adierazi da:

  • Plantilla guztiz exkaxak eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dituztenak, eta, era berean, pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dituztenak.
  • Egutegi gizagabeak, agendak leporaino, eta 365 egun eta 24 orduko prestasun osoa.
  • Hilabete bukaerara iristea bermatzen ez dituzten soldatak, errealitate horrek eusten dio soldata-arrakalari.
  • Baliabide materialetan eta babes-neurrietan ez inbertitzea, arrisku larrian jartzen baitu bai gure osasuna, bai zaintzen ditugun eta nahi ditugun pertsonena.
  • Arreta eskasa, gizatasunik gabea, emakumezko langileen aparteko ahaleginean bakarrik oinarritzen dena.
  • Pribatizaziorako apustu sendoa ,eta guztiaren gainetik, enpresen irabaziak bermatuko duen sistema. Plantillak murriztu, lan baldintzak okertu eta arreta denbora murrizten den heinean handitzen diren irabaziak.

Eta zera aldarrikatu, sistema aldaketa bat ezinbestekoa dela, zaintza publikoa izan behar dela, lanera beldurrik gabe joateak bermatzen duen sistema, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo den sistema ezinbestekoa dela. Honako ezaugarriak izango dituena:

  • Langile guztiak publikoak izango den sistema bermatzea. Azpikontratazioaren eta behin-behinekotasunaren gaitza bizi izan duten langile guztion subrogazioa eta finkotasuna bermatuko duena.
  • Plantilla zabalak eta hurbileko eta goxoa den zaintza bermatuko duten sistema. Zaintza behar duten pertsonak modu duin eta integralean artatuak izan daitezen bizitzako ziklo guztietan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako zaintza-eredua.
  • Lan-baldintza duinak dituen sistema, hilabete amaierara iristea ahalbidetuko duena eta zainketen balio soziala eta produktiboa aitortuko duena.
  • Genero-arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituen sistema behar dugu.
  • Laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituen sistema behar dugu, bereziki arrisku psikosozialen prebentzioa bermatuko duena.
  • Langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema behar dugu, pandemiak uzten dizkigun ondorio larriak, neurri batean behintzat, arinduko dituena.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.