2020-03-27 09:39
Mercadonako langileen artean Koronabirusaren zantzuak dauden kasuetan enpresako zuzendaritzak aplikatzen duen protokoloa legez kanpokoa dela salatu du ELAk. Hori dela eta, sindikatuak berehala erretiratzea eskatu dio zuzendaritzari, baita Osasun Ministerioak agindutako irizpideetara egokitzea ere. Zehazki, Ministerioak ezarritako gidak argi dio enpresa edo lantoki batean pertsona bat kutsatuta egon daitekeela uste bada, dagokion autonomia erkidegoko Lehen Arretako Osasun zentrora jo behar duela bertan konfirmatu edo ezeztatu dezaten, hau da, Osakidetzak edo Osasunbideak artatu behar dutela pertsona hori, ez beste inor.

Beraz, legeak argi dio Mercadonako prebentzio zerbitzuak ez daukala inongo eskumenik diagnostikorik egiteko, ezta kutsatuta egon daitezkeen langileak artatzeko ere, nahiz eta praktikan, hala jokatzen ari den. “Beste behin ere, Mercadonak arriskuan jartzen ditu langileak bere prebentzio zerbitzua eta zerbitzu medikoa erabilita horretarako eskumenik izan gabe”, salatzen du ELAk.

Hau ez da, ordea, ELAk Mercadonako zuzendaritzari egiten dion kritika bakarra. Sindikatuak langile gehiago kontratatzea eskatu du, une honetan beharginek pairatzen duten lan erritmo altuak orekatzeko. Ildo beretik, lan egutegian aldebakarrez inongo aldaketarik egin behar badu, legeak agintzen duen prozedura aplikatuz gauzatzea eskatzen dio.

ELAk gogorarazi duenez, martxoaren 13an, langileek egoera bereziki zaila bizi zutenean eta Mercadonan inongo protokolorik aplikatzen ez zenean, langileen osasuna bermatzeko neurri zehatzen zerrenda bidali zion ELAk supermerkatuetako zuzendaritzari. Enpresak onartu zituen neurri horiek. Besteak beste, honako hauek ziren: sartu daitekeen gehienezko jende kopurua ez gainditzea; segurtasunaz arduratuko ziren langileak kontratatzea; eskularruak, gelak eta maskarillak entregatzea (prebentzio zerbitzua honen kontrako agertu bazen ere); desinfektatzeaz arduratuko ziren garbikuntzako enpresak kontratatzea; lehenengo egunetik ordaindutako lizentziak haurdun dauden emakumeentzat eta arriskuan egon daitezkeen langileentzat; eta agindutako distantzia errespetatzeko zintak jartzea lurrean.

Gaur egun, ordea, enpresak kontrako norabidea hartu du. Aurre egiten dioten ELA (edo CIG Galizian) bezalako sindikatuekin harremanak apurtu ditu Mercadonak; horren ordez, lerrokatuta dituen sindikatuak erabiltzen ditu langileen osasunaren defentsan lanean ari diren ELAko delegatuen kontra jotzeko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.