ARGIA.eus

2020ko urtarrilaren 24a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-05-01 13:19
Bizitza. Edo, beste modu batetara esanda, daukagun gauzarik garrantzitsuenaren aldeko –gure bizitzak– borrokak izan dira Maiatzaren Lehena dela-eta ELAk bai Bilbon eta bai Iruñean egin dituen ekitaldietako protagonista nagusiak. Maiatzaren Lehen honek ELAren milaka militanteren babesa izan du, eta Mitxel Lakuntza lehen aldiz mintzatu da bertan idazkari nagusi gisan. Aurtengoa azken urteotako jendetsuena izan da.

Bizitzaren aldeko borroka horien artean Lakuntzak sindikala nabarmendu du, bai pertsona bezala eta bai herri bezala hobeak egiten gaituen borroka. “militante sindikal izatea ezkertiar, demokrata, abertzale eta feminista izateko modu pribilegiatua dela. Horregatik jaiegun honetan poztu egiten gara bizitza xede duten borroka horiek denak ikusita. bizitza baita garrantzitsuena.

Duela mende bat, 1919. urtean, Bartzelonako La Canadiense konpainia elektrikoaren langileek greba luzea –44 egun– gauzatu zuten euren lan eta bizitza baldintzen alde. Kapitalak ezartzen zien lagun eta bizi baldintza kaskarren aurka borrokatzen zuten. Borroka –eta garaipen– sindikal hari esker zortzi orduko lanaldia ezartzen zuen dekretua lortu zuten.

Ehun urte geroago milaka dira Euskal Herrian egunez egun bizitzarekin erabat kontrajarria den sistema baten kontra –kapitalismoa– egiten duten lagunak. Lakuntzak borroka guzti horiei bere babesa adierazi nahi izan die. “Gure errealitatea lausotu edo ezkutatzeko ahaleginak ahalegin, oraindik izena badaukagulako; izen kolektiboa, bestela ezin baitugu gure burua ezagutu: langile klasea gara. Egia da duela 100 urtetik hona aldatu dela, anitzagoa dela, baina langile klasea gara. Sekula ez gara lantegietako hormetara mugatu; baina gero eta leku gehiagotara iristen gara: zerbitzariak gara, garbitzaileak, sorosleak, zaintzaileak, begiraleak, informatikoak eta etxeko langileak, etxekoandreak, langabeak, paperik gabeak eta egoera erregularrean gaudenak... baina gure kezka eta nahiak partekatuak dira”.

1919. urtean La Canadiensen gertatu zen bezala, ezinezkoa da gure bizitzak defendatzeko balioko duen inolako gatazkarik garatzea antolakuntza kolektiborik gabe. Hala nabarmendu du Lakuntzak. “ELAk oraindik ere garrantzia ematen die ezkerrak eta sindikalismo historikoak izan dituen tresnei. Antolatu egiten gara eta komuna dena defenditzen dugu, gure bizitzak jokoan daudelako eta badakigulako mobilizazioak, parte hartze sozialak eta grebak emango digula bizimodu hobea izateko aukera. Guk sinesten dugu indar kolektiboan. Botere ekonomiko eta politikoek nahi dute jendea bakarka egotea. Ez dute nahi beraien eta jendearen artean bitarteko indar kolektiborik”.

“Horregatik ELAk aldarrikatzen du organizazio sozialen indar kolektiboa eta mobilizazioaren garrantzia. Lan munduan inboluzioa pairatzen ari gara, baina baita inboluzio sozial eta demokratikoa ere. Horregatik kaleak hartzea, jendarte hobea eraikitzeko asmoa duten mugimenduetan parte hartzea, ariketa demokratikoa da. Borroka sindikalean eta mobilizazio horietan parte hartzea jendarte honetako gunerik hoberenetan parte hartzea da. Zera kolektiboari erasotzen zaionean sindikatuaren izanari berari egiten zaio eraso”.

Giro bikaina eta jende asko Iru?ean ere

Bilbon bezala Iru?ean ere ELAren militantzia kalera atera da festa eta aldarrikapen egun honetan. Imanol Pascual lehen aldiz mintzatu da ELAk Nafarroan duen arduradun eran, eta sindikatuak Nafarroan daukan indarra nabarmentzeaz gain –“10.419 afiliatu ditugu eta inoizko ordezkari-kopururik handiena”– sindikatuaren jarduna goraipatu du. “Harro gaude ELAko kideok egiten dugun lanaz, sindikalismo aldarrikatzailearen erreferentzia argia baikara. Horregatik, hain zuzen ere, zaintzen dugu gure autonomia, bai gobernuekiko bai patronalarekiko. Kalean hasten dira beti aldaketak, benetako aldaketak, eta hortxe ikusiko dugu elkar, kapitalaren gainetik gure bizitzak duela lehentasuna aldarrikatzen”.

Zentzu honetan, eta maiatzaren 26an egingo diren hauteskundeen harira, berretsi du ELAk oso garbi daukagula ez dugula nahi “foru-korralitokoek” berriro agintzea. “Ez dugu nahi itzuli UPNk, PSNk, OPUSek, CENek, UGTek eta CCOOek agintzen zuten garaietara. Ondo aski dakigu noraino iristeko gai diren. ELAk ez du inoiz zalantzan jarri aldaketa behar zela eta jarraipena eman behar zaiola, baina bai aldaketa horren sakontasuna eta irismena”.

Irakurri Lakuntzaren hitzaldia

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
?>